Bergarako Udala-k Ar, 2025-04-01 07:08-n bidalia
Bergarako Udalak eta Jardun Elkarteak egitasmo berri bat jarriko dute abian, herriko merkataritza eta ostalaritza sektorean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Egitasmoaren bidez, euskararen presentzia eta erabilera handitu nahi da herriko establezimenduetan. Horretarako, baliabideak eta gomendioak eskainiko zaizkie merkatariei eta ostalariei, eta prozesu osoan zehar Udaleko eta Jarduneko teknikarien laguntza izango dute.
Egitasmoa Bedelkarrekin kontrastatu da, eta lehen fasean erakunde horretako bazkideengana zuzenduko da. Banaka egingo dira bisitak, aurretik hitzorduak adostuta. Egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek solaskide bat izendatu beharko dute dinamizatzailearekin harremanetan egoteko eta oinarrizko hiru konpromiso hauek hartuko dituzte:
• Establezimenduaren hizkuntza egoeraren diagnostiko laburra egitea.
• Hizkuntza paisaia eta sare sozialen euskaratzea eta dinamizatzaileak egingo duen jarraipena onartzea.
• Langileei egitasmoaren berri ematea.
Diagnostikoaren ondoren, establezimendu bakoitzarekin plangintza pertsonalizatua adostuko da, eta urte amaieran egitasmoaren balorazioa egingo da.