Bergarako Udala-k Og, 2025-03-27 19:27-n bidalia
Ostegun arratsaldean ospatu da Monzon-Ganuza 2025 sariaren banaketa ekitaldia, Bergarako Seminarixoa aretoan. Aurtengo edizioan, Amaia Zubiria musikaria omendu dute, euskal kulturari eta musikagintzari egin dion ekarpen paregabeagatik.
Ekitaldian zehar, Zubiriaren ibilbide artistiko oparoa eta erreferentziala goraipatu da, eta haren musika, poesiarekiko lotura eta emakume sortzaileen presentzia indartzeko egindako lana nabarmendu dira. Senide, lagun eta adiskideen artean ospatutako ekitaldi hunkigarrian, hainbat adierazpen artistiko eta musikaz lagundutako une bereziak bizi izan dira.
Amaia Zubiriak hitz hunkigarriak eskaini ditu saria jasotzean, senide, lagun eta bertaratutakoei eskerrak emanez. Poesia, hitz sentikorrak eta ironia uztartuz, bere ibilbidearen errepasoa eskaini du.
Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenez eta Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi dute Zubiriaren ekarpena "euskal kulturarentzat aberasgarria" izan dela, eta saria "eskerrona eta miresmena adierazteko modu bat" dela.
Bergarako alkatearen aburuz, “Amaia Zubiriak euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu du, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz. Herri kantak, jazzaren ukitua, poesiaren indarra eta zinema musikarako ekarpenak uztartu ditu, bere ibilbidean beti berrikuntzaren eta sormenaren bidetik jorratuz. Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira”.
Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak Zubiriak eta bere belaunaldiko emakumeek eginiko lana goraipatu du: “Metalak bezain gogorra eta hauskorra den gure oskolean zirrikituak egin dituzuelako. Arrakala horietatik sartu den musikarekin herriaren bihotza poztu duzue, Amaia, eta horregatik bihotzez maite zaituzte herriak.
Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak omendu nahi ditu. Aurreko edizioetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak, eta aurten Amaia Zubiria izango da aintzatespen hori jasoko duen artista.