‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelopean egingo da aurten laugarren Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era. Euskaraldiaren laugarren edizioa izango da, eta data berriarekin dator gainera: udaberri giroan egingo da maiatzaren 15etik 25era bitartean. Entitateek eta norbanakoek izena emateko epea zabalik dute, eta Euskaraldia.eus webgunean dago aukera.

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Ahobizi eta Belarriprest
Azken batean, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz egitea da Euskaraldiak proposatzen diguna. Hizkuntza portaera hauek jendartean ohiko bihurtzea da ariketarekin lortu nahi dena. Helburua euskara gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin erabiltzea da.

Euskaraldian parte hartzeko bi modu daude:
- Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut.
- Belarriprest: Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Norbanako moduan izena ematea euskaraldia.eus webgunean egin daiteke, eta laguntza behar duen oro Jardun Euskara Elkartera gerturatu daiteke astelehenetik ostiralera, 9:00-13:00 eta 15:00-18:00 ordutegian. Horretaz gain, Bergarako kaleetan izena emateko mahaiak jarriko dira datozen asteetan.

Hikaldia ere martxan
Hikaldiarekin bat egingo du aurten ere Bergarak. Hitanoaren erabilera bultzatzea da helburua, eta ahobizi edo belarriprest txaparen ondoan h hizkidun pegatina darmanak hika hitz egin edo entzun nahi duela adierazten du.

Horren harira, martxoan Bergarako hikan berba egiten ikasteko ikastaro bat antolatu du Bergarako Udal Euskaltegiak. Izen emateko epea martxoaren 20ra artekoa da.

Bergaran Euskaraldiaren inguruan zalantzak argitzeko: bergaraeuskaraldia@gmail.com / 605 712 469 (Jardun)