Bergarako Udala-k Ar, 2025-03-11 09:18-n bidalia
Bergarako Udalak Adinekoen Kontseilua jarri du martxan, herriko adinekoen beharrak eta proposamenak entzuteko eta horiei erantzuteko espazio gisa. Kontseilu honen baitan, bi lantalde sortu dira, bi erronka nagusi lantzeko: Bakardadea eta Bizikidetza Alternatibak.
Bakardadearen aurkako sentsibilizazioa
Bakardadea lantzeko taldea sentsibilizazioaren beharraren inguruan aritu da, adineko askok jasaten duten isolamendu sozialaren aurrean herritarrak kontzientziatzeko. Taldeak kontseiluan ateratako ideia hauek ardatza izan ditu:
● Etxebizitzen irisgarritasuna hobetzeko beharra, adinekoek kalera irten eta harremanak izateko aukera izan dezaten.
● Bakardadeari buruzko gizarte-sentsibilizazioa sustatzea, gaia sozializatuz eta ikusgarritasuna emanez.
Hortik abiatuta, lantaldeak komunikazio kanpaina bat abiatuko du, prentsa oharrak, kartelak eta bestelako ekimenak baliatuz, herritarrei gaia gerturatzeko. Lehengo urratsa bakardadea definitzea izango da. Horretarako kontuan hartuko dira orain arte egindako ikerdetak, adibidez: 2019an Angiozarren. Horretaz aparte, Farmazien rola isolamenduaren detekzioan mahagaineratu da.
Bizikidetza alternatiben bilaketa
Bigarren lantaldeak, Bizikidetza Alternatibak, adinekoentzako bizi eredu berriak aztertzea du helburu. Hiru ardatz nagusitan lan egingo dute:
● Egoitza eredu berriak aztertzea, auzoetan banatutako zentro txikiagoak sustatuz.
● Egoitzara joan aurreko alternatibak aztertzea, norberaren etxean segurtasunez eta autonomiaz bizitzeko aukerak sustatuz.
● Etxean bizitzeko zerbitzu osagarriak bilatzea, adinekoek etxean bizitzen jarraitzeko baliabide egokiak izan ditzaten.
Lantalde honek lehenengo urrats gisa Bergarako Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen zerrenda aztertuko du, eta horiei zerbitzu osagarriak gehitzeko aukerak aztertuko ditu.
Parte hartzea eta hurrengo urratsak
Bi lantaldeek erabaki dute hilean behin elkartzea, WhatsApp taldeak sortzea, informazioa partekatzeko eta proposamenak elkarbanatzeko. Gainera, hurrengo bilerak apirilaren lehen egunetan izango dira:
● Bakardadea lantaldea: Apirilak 2, 17:00etan, Udaletxean.
● Bizikidetza Alternatibak lantaldea: Apirilak 3, 17:15ean, Udaletxean.