Bergarako Udala-k Az, 2025-02-26 18:30-n bidalia
Mugimendu feministaren aldarri historiko bati erantzunez, Bergarako Emakumeen Txokoaren irekitzea bidean da. Espazio hau emakumeen ahalduntzea eta berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzeko gune izango da, mugimendu feministaren eta herritarren parte-hartzeari esker definitu eta garatuko dena.
Prozesu hau aurkeztu asmoz, Bergarako Udalak, prozesua garatuko duen Elhuyar kooperatibak, herriko mugimendu feministako kideak eta Jabekuntza Eskoletako partaide ezberdinek prentsaurrekoa eskaini dute asteazken honetan, proiektu hau Bergarako emakume guztientzako irekita egongo dela nabarmenduz.
Emakumeen Txokoak mugimendu feministaren indartzea eta berdintasunaren aldeko politikak garatzeko ezinbesteko tresna dira. Halaber, emakumeen babeserako eta indarkeria matxistaren aurkako baliabide osagarriak eskaintzen dituzte.
2003. urtetik aurrera Euskal Herrian 25 emakumeen etxe edo txoko feminista sortu dira administrazio publikoen eta mugimendu feministaren elkarlanaren bidez. Bergarako kasuan, 2017an egin zuen mugimendu feministak eskaera ofiziala. Orain, Arrizuriaga Jauregiko bigarren solairuan kokatuko den espazioaren irekiera prozesua hasiko da.
Bergarako Emakumeen Txokoaren irekiera lau fasetan garatuko da:
1. Emakume Txokoa, zer da eta zertarako? (2025eko urtarrila - martxoa) Lehen fase honetan, Emakumeen Etxeek duten garrantzia eta funtzioa herritarrei helaraziko zaie. Horretarako, martxoaren 13an, 18:00etan, Seminarixoan mahai-inguru ireki bat antolatuko da: Bergarako Emakumeen Txokoa zertarako?
Bertan, Euskal Herriko Emakumeen Etxeetako hainbat esperientzia ezagutaraziko dira, protagonisten esperientziatik abiatuta. Mahai-inguru hau publiko guztiarentzat irekia izango da, eta, horrekin, proiektuak emakumeentzat edo mugimendu feministarentzat ez ezik, Bergarako herritar guztientzat duen garrantzia nabarmendu nahi da. Izena ematea ez da beharrezkoa.
2. Nolako Emakume Txokoa nahi dugu? (martxoa - iraila) Bigarren fase honetan, Bergarako emakumeekin eta mugimendu feministarekin lanketa egingo da, espazioaren funtzioak eta zerbitzuak definitzeko.
Emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta kolektiboen beharrei erantzuteko gunea izatea da helburua. Horretarako, parte-hartze prozesu bat antolatuko da bost saiorekin, eta gogoeta-saioen aktak publikoak izango dira. Bertan jorratuko diren gai nagusien artean espazioaren erabilera, eskaintzen diren baliabideak eta emakumeen arteko sareak sortzeko aukerak izango dira. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, prozesu inklusiboa eta zabaldua bermatzeko.
3. Proba fasea Hirugarren fasean, emakumeen txokoaren proiektua martxan jarriko da proba moduan, hainbat eragileren parte-hartzearekin. Honako ekimenak izango dira:
- Ahalduntze-eskola, non formazio eta tailerrak antolatuko diren
- Espazioaren antolamendua, erabilerak eta dinamika zehazteko
- Ekipamenduaren inaugurazioa, jendeari aurkezteko
- Beste ekimen batzuk, emakumeen ahalduntzea sustatzeko Proba fase honetan, emakumeek eta mugimendu feministako kideek espazioa benetan nola funtzionatu behar duen ikusteko aukera izango dute, eta beharrezko egokitzapenak egiteko tartea izango da.
4. Emakumeen Txokoa irekitzeko prest Azken fasean, prozesuan definitutako zerbitzuak eta baliabideak martxan jarri eta espazioa ofizialki irekiko da. Egiturazko obrak eta baliabideen esleipena amaitutakoan, Bergarako emakumeek beraientzat propio pentsatutako gune bat izango dute.
Bergarako Emakumeen Txokoaren helburua emakumeen ahalduntzea, babes sarea indartzea eta mugimendu feministaren beharrei erantzutea izango da. Herritarren inplikazioa funtsezkoa izango da prozesuan, eta interesa dutenek udalaren webgunea bisita dezakete informazio gehiago jasotzeko. Gainera, aurrez aurreko bilerak eta informazio saio gehiago iragarriko dira aurrerago.
Informazio gehiago: webgune honetan