Bergarako Udala-k Ar, 2025-02-18 09:46-n bidalia
Bergarako Udalak Arrizuriaga jauregian garatuko diren bi prozesu estrategiko martxan jarriko ditu datozen asteetan. Helburua da espazio horretan Emakumeen Txokoa eta Kulturgunea ezartzea, herritarren parte hartzea sustatuz eta behar sozial eta kulturaletara egokituz.
Prozesu bakoitzak bere izaera propioa izango badu ere, modu koordinatuan garatuko dira, jauregiko espazioa modu egokian antolatu eta elkarbizitza sustatzeko.
Kulturgunearen garapenerako, Artaziak kooperatiba kontratatu da prozesua gidatzeko. Aurreko hilabeteetan, talde motore bat osatu eta lan egin da kulturaren esparruan esanguratsuak diren pertsona eta eragileekin. Orain, prozesu hori herritarren parte hartze zabalago baterako ireki egingo da, eraikinaren funtzionamendua eta kudeaketa modua zehazteko. Hau epe ertain luzeko prozesua izango da, eta 2025. urte osoan zehar garatuko da.
Bestalde, Emakumeen Txokoari dagokion prozesua martxoan jarriko da martxan Elhuyar kooperatibaren laguntza teknikoarekin. Hausnarketa saio desberdinetan emakumeen txokoaren gako desberdinak landuko dira Bergarako emakumeekin. Parte hartze prozesu honen xehetasun guztiak datorren astean aurkeztuko dira.
Bergarako Udalak prozesu hauetan interesa duten herritarrak eta eragileak parte hartzera gonbidatzen ditu: “Eraikin honen bitartez aspalditik bergararrek egin dizkiguten eskariei erantzun nahi diegu, eta horretarako garrantzitsua da datozen asteetan martxan jarriko ditugun prozesuetan parte hartzea. Prozesu honen helburua da espazio hauek guztion beharretara egokitu eta komunitatearen ekarpenarekin garatzea”, adierazi dute Gorka Artola alkateak eta Ainhoa Lete eta Maite Usabiaga zinegotziek.