Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak gaur goizean iragarri dute Monzon-Ganuza 2025 sariaren irabazlea. Aurtengo sariduna Amaia Zubiria musikaria da, euskal kulturari eta musikagintzari egindako ekarpenari erantzunez.

Telesforo Monzonen heriotzaren 40. urteurrenaren testuinguruan, Monzon-Ganuza sariak Euskal Herriaren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoan zehar ekarpena egin dieten pertsonak omendu nahi ditu. Aurreko edizioetan Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparza izan dira sarituak, eta aurten Amaia Zubiria izango da aintzatespen hori jasoko duen artista.

Amaia Zubiria euskal musikaren historian ezinbesteko figura da. Bere ahots gardena eta interpretazio sentikorra ezagunak dira, eta Haizea taldearekin hasi eta bakarkako ibilbidean euskal musika tradizionala berritu du. Herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika uztartuz, hainbat belaunaldiren erreferente bihurtu da. Gainera, emakume kantarien ahotsa lehen lerrora eramanez, euskal musika esparrua eraldatu eta aberastu du. Bere ibilbidean zehar, hainbat musikarirekin lankidetzan aritu da, eta hainbat disko argitaratu ditu, euskal musikaren esparruan mugarri bihurtu direnak.

Bere ekarpena ez da bakarrik musika arlora mugatzen, baizik eta euskal kulturaren aldeko konpromiso sakon batean ere islatzen da. Zubiriak bere musikan poesiaren indarra azpimarratu du beti, hainbat euskal idazleren hitzak musikatu eta interpretatuz. Halaber, zinemarako egindako ekarpenak ere nabarmenak dira, hainbat film eta dokumentaletarako soinu banda eta musika sortu baititu. Horrek guztiak bere obra euskal kulturaren funtsezko zati bihurtu du.

Monzon-Ganuza sariaren bidez, Zubiriaren lanari aitortza egiten zaio, eta bere konpromisoa, berrikuntza eta sormenaren bidea goraipatzen dira. Bere hitzetan, "gaur ere ez litzateke txarra izango utopia batzuen atzetik joatea", eta ideia horrek jarraitzen du bere ibilbide artistiko eta pertsonalean. Bere sorkuntzan beti berrikuntza bilatu duen artistatzat jo daiteke, musika-estilo ezberdinak uztartuz eta tradizioari begirada berritzaile bat eskainiz.

Olaso Dorrea Fundazioko lehendakari Irati Jimenezek eta Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi dute Amaia Zubiriaren ibilbidea "euskal kulturarentzat aberasgarri" izan dela, eta saria esker ona eta miresmena adierazteko modu bat dela.

“Olaso Dorrea Fundazioaren lanak zentzurik badu gure arbasoen artean kolosoak ditugulako da. Horien bidea jarraitzea edo hobeto esanda, egin zuten lanari jarraipena ematea da gure helburua. Baina sari honekin urtero-urtero geure buruari beste zerbait ere gogoratzen diogu eta beste zerbait ere esaten diogu Euskal Herriari. Herri kolosal batean bizi garela. Maite duten kulturaren, hizkuntzaren eta herriaren alde lan egiten dutenak, egunero-egunero eta bizitza osoan zehar”, azaldu du Jimenezek.

Bestalde, Gorka Artolak gehitu duenez, “Euskal Herriaren historian ezinbesteko figura da, bere ahots gardena eta sentikortasun handiko interpretazioari esker. Euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu du, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz. Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira, eta saria ez ezik, gure esker ona eta miresmena ere adierazi nahi dizkiogu”.

Sari-banaketa ekitaldia datorren martxoaren 27an izango da, 18:30ean, Bergarako Seminarixoa aretoan, eta bertan, hainbat adiskide, senide eta lagunek parte hartuko dute, Amaia Zubiriaren ibilbidea eta ekarpena ospatzeko.