Bergarako Udala-k Al, 2025-02-10 08:10-n bidalia
Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen duen Koldo Eleizalde lehiaketaren 2025eko edizioa martxan da. Lehiaketa honek 1986an izan zuen hasiera, eta 2001ean Bergarako euskalari ospetsuaren omenez hartu zuen egungo izena.
Aurtengo edizioan parte hartzaileek lau genero edo genero multzotan aurkeztu ahal izango dituzte lanak:
• Ipuin idatzia eta poesia: Gaia librea da, eta lanek originalak eta inoiz saritu gabeak izan behar dute. Kategoriak parte-hartzaileen jaioturtearen arabera banatzen dira, eta lanen luzera eta sariak kategoria bakoitzaren arabera aldatzen dira.
• Komikia: Gaia librea da, eta lanek originalak eta inoiz saritu gabeak izan behar dute. Aurkeztuko den lanaren egitura eta tamaina librea izango da, baina gutxieneko tamaina 29 x 10 cm-ko komiki tira izango da. Sariak kategoria bakoitzaren arabera banatuko dira.
• Bertsoa: Gaia, neurria eta doinua libreak dira. Lanek originalak eta inoiz saritu gabeak izan behar dute. Kategoriak parte-hartzaileen jaioturtearen arabera banatzen dira, eta gutxieneko luzera eta sariak kategoria bakoitzaren arabera aldatzen dira.
• Kontakizuna eta interpretazioa: Honako azpigeneroak barne hartzen ditu: antzerkia, podcasta, ipuin-kontaketa eta txiste edo umorezko pasadizoen kontaketa. Gaia librea da, eta iraupena gutxienez minutu batekoa izan behar du. Sariak kategoria bakoitzaren arabera banatuko dira.
Lanak aurkezteko epea apirilaren 30era artekoa da.
Grabazioak (entzunezkoak eta ikusentzunezkoak) webgunearen bidez aurkeztu behar dira, horretarako formularioa betez eta artxiboak erantsiz.
Testuzko lanak webgunearen bidez edo paperean entregatu ahal izango dira, Bergarako Udaletxeko Bergararren Arretarako Zerbitzuan (B@Z).
Lehiaketaren oinarriak eta informazio osagarria eskuragarri daude hurrengo loturan: https://euskara.bergara.eus/eu/koldo-eleizalde-lehiaketa