Asteazken honetan Leire Legarretak, “We are clickers” startup-aren CEO eta sortzaileak, adimen artifizialaren inguruko hitzaldi arrakastatsua eman du ia gorarte bete den Bergarako Seminarixoan. Hitzaldiak, “Adimen Artifiziala ezagutzen hasi: gure egunerokoan duen eragina ulertu” izenburupean, adimen artifizialak gure bizitzan duen eragina eta erabilera praktikoak erakusteko helburua izan du.

Jardunaldian, Legarretak adimen artifizialaren oinarrizko kontzeptuak azaldu ditu, eguneroko adibide argigarriak erabiliz. Hitzaldiaren parte hartzaileek, adin eta esperientzia teknologiko desberdinetakoak izanik, teknologiaren aplikazioak erraz ulertu ahal izan dituzte. “Adimen artifiziala ez da soilik enpresetarako; edonork erabili dezake, eta horretan datza bere potentzial handiena” adierazi du Legarretak.

Hizlariak ChatGPT bezalako hizkuntzaren teknologietan sakondu du, bere funtzionamendua eta egunerokoan nola erabil daitekeen azalduz. Gainera, Leire Legarretak azaldu du adimen artifizialak nola hobetu dezakeen produktibitatea, osasuna eta eraginkortasuna, zenbait kasu praktiko aurkeztuz.

Ekitaldiaren beste helburu garrantzitsu bat STEM arloetako bokazioak, bereziki emakume gazteen artean, sustatzea izan da. Legarretak azpimarratu du Adimen Artifizialaren esparruak aukera eta potentzial handiak eskaintzen dituela, eta emakumeek horretan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratu du.