Bergarako Udala-k Az, 2024-10-23 16:52-n bidalia
Ostiral honetan, urriak 25, hasiko da Danbaka Musika Lehiaketa, Bergarako Seminarixoa aretoan. Korda Rota (Arrasate), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati) izango dira lehen gauean joko duten taldeak, 21:30ean hasita. Lehenago, 20:00etan hasita, DJ Joe Pieman artistak girotuko du Seminarixoaren atarian egongo den chill out gunea.
Hamasei talde, lau jaialdi eta finala
Debagoieneko askotariko hamasei taldek hartuko dute parte aurtengo Danbakan. Urriaren 25ean, esandako moduan, Korda Rota (Arrasate), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati) izango dira protagonista. Azaroaren 15ean, Eten (Aretxabaleta), Low Cost Deluxe (Bergara), Rebel Noise (Arrasate) eta K-Po (Bergara). Azaroaren 29an, Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta) eta Karena (Antzuola). Abenduaren 13an, azkenik, Banana Shake (Arrasate), Ondare (Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta).
Sarrerak, egunean bertan
Kontzertuetarako sarrerak 5 eurotan salduko dira Seminarixoan bertan kontzertu egunetan; Goienakideak doan sartu ahalko dira, Goienaren aplikazioa erakutsita, eta Goienakide ez izan arren Goienaren aplikazioa deskargatuta dutenek 2 euro ordainduko dute sarrera.
Sanprubusa eta chill out gunea
Aretoaren kanpoaldean chill out gunea egongo da. Kontzertuen aurretik eta kontzertuen arteko tarteetan bertako DJak izango dira protagonista. Doan. Lehen gaua girotzeko, chill out gunean izango da Aretxabaletako DJ Joe Pieman (Joseba Pieurruges). Chill out gunean Sanprubusak emango du taberna zerbitzua; bestalde, Seminarixoa aretoan jarlekuak kendu egingo dira eta barra txiki bat jarriko da.
24 talde aurkeztu dira
24 talde aurkeztu dira, orotara, lehiaketaren seigarren ediziora. Horietatik hamabost epaimahaiak aukeratu ditu eta azkena, hamaseigarrena, publikoak, boto bidez. Arrasateko Ondare taldea aukeratu du publikoak. Orotara, publikoaren 1.300 boto baino gehiago jaso dira. Epaimahaia honako kide hauek osatzen dute: Amaia Arriaran musikazale bergararra, ipuin kontalari zein antzezle gisa ibilbide oparoa egin duena eta Danbakan epaimahaikide izatea zer den badakiena;
Ainhoa Vitoria musikazale arrasatearra, EITBn irrati esatari urte asko egin ostean gaur egun Yoko ona podcastarekin buru-belarri dabilena; Sara Alonso musikazale aramaioarra, EITBn irrati esatari eta Nhil taldeko frontwoman-a; Julen Narbaiza musikazale bergararra, 1980ko hamarkadan Txibisto areto ezaguneko arduradunetako bat izandakoa; eta Iñigo Ugarte musikazale oñatiarra, 2022an ere epaimahaikide aritu zena.
Epaimahaiak adierazi du aurten ere aurkeztu diren askotariko estiloengatik eta bidalitako abestien maila handiagatik zalantza handiak izan dituela aukeraketa egiteko.
Aurtengo nobedadea: ‘Danbakast’
Goiena Komunikazio Taldeak une oroko jarraipen zabala egingo dio Danbaka Musika Lehiaketari. Euskarri guztietan: Goiena.eus, Goiena telebista, Goiena aldizkaria eta Puntua aldizkaria. Baita sare sozialen bidez ere. Kontzertu guztiak oso-osorik grabatuko dira eta ostean emango dira Goiena telebistan eta Goiena.eus-en. Era berean, lehiaketak kontu propioa izango du Instagramen eta Xn. Baita webgunea ere: www.danbaka.eus.
Danbakari une oroko jarraipena beste era batera egiteko jaio da Danbakast bideopodcasta. Urriaren 10ean eman zen lehen saioa, eta ordutik astero, eguenero, ikus eta entzun daiteke, Goienaren ohiko euskarrietan eta baita Spotifyn ere. Danbakast saioan hainbat tertuliakide eta gonbidatu izango dira, Danbakaz eta musika arloko askotariko kontuez lasai, luze eta zabal berba egiteko. Goiena telebistako platoan grabatzen da, horretarako propio sortutako set eder batean.
Maite Usabiaga, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia:
“Gonbidatzen ditut herritarrak ostiral gauak Danbakarekin gozatzera Seminarixoan”.“Bigarrenez egingo da Danbaka Musika Lehiaketa Bergaran, eta hori, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzia naizen aldetik, ohorea da, pozik egoteko moduko arrazoi bat. Izan ere, Bergarako herriari Danbakak eskaintzen dio gaur egun musika arloan egosten den sortzaileen azken joerak bertatik bertara ikusi eta entzutea. Herritarrei kalitatezko kultura eskaintza, prezio egokian; oro har, kultura maite dugunondako, Seminarixoa aretoan kultura dastatzeko eta gozatzeko aukera ederra.
Bost kontzertu dira, urritik urtarrilera arte, eta nahiko genuke Danbakako ostiralak izatea Bergaran –aurreko edizioan bezala– musika adierazpen berriak ezagutzeko momentua eta musikari eta musikazaleek batera disfrutatzeko gunea. Gonbidatzen ditut bergararrak ez ezik debagoiendarrak eta beste toki batzuetatik etorriko direnak ostiral gauak Danbakarekin gozatzera Seminarixoan”. Isaac Palencia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kultura Sustapeneko zuzendaria:
“Danbaka sekulako ekimena da tokian tokiko kultura sustatzeko” “Danbaka sekulako ekimena da tokian tokiko kultura sustatzeko; kasu honetan, Debagoieneko musika sortzaileei plataforma ezin hobea eskaintzen diolako: zuzeneko kontzertuak, jarraipen mediatikoa, kontzertuak oso-osorik eta kalitatezko baliabideekin grabatu eta zabalduz… Laburbilduz, lurraldeko kultura eta kulturgileak sustatzen ditu Danbakak; Gipuzkoako gazteriari aukerak eskaintzen dizkio, kultura programatzen duelako eta kulturgileei aukerak eskaintzen dizkielako. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, zehazki, Gazteria eta Kultura Sailak, argi dauka Danbakan egon behar duela eta Danbaka lagundu eta babestu behar duela”.
Jokin Bereziartua, Danbakako koordinatzailea:
“Ilusioz beteta eta oso gogotsu gatoz Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren edizioarekin. Duela urte bi bezala, eta Elgetan egin ziren edizioetan bezala, erronka jarri genien bertako musika sortzaileei, eta erronka aise gainditu dute; 24 musika proposamen aurkeztu dira Danbakan parte hartzeko eta hamaseik izango dute horretarako aukera. Beti bezala, gogoratu nahi dugu Danbaka ez dela musika lehiaketa soila, hori baino askoz ere gehiago dela: musika sortzaileendako euren lana plazaratzeko aukera paregabea eta musikazaleendako musikaz disfrutatzeko gunea, Danbakako ostiraletan, Seminarixoan, agertoki bikainean.
Eskerrak eman nahi dizkiet, lehenbizi, lehiaketan izena eman duten guztiei, aukeratuak izan edo ez; baita Danbakan bidelagun ditugun erakundeei ere –Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, bereziki–; eta aldez aurretik ekimen erraldoi hau aurrera ateratzeko lanean ariko den Seminarixoko zein Goienako lantalde osoari. Has dadila melodia, has dadila Danbaka. Goza dezagun!”.