Bergarako Udala-k Or, 2024-10-18 12:39-n bidalia
Bergarako udal pilotalekuaren estalkia berritzeko lanak aste honetan hasi dira, eta obrak 8 astez luzatuko dira, eguraldiaren arabera. Helburua estalkiaren erreforma integrala egitea da, pilotalekuak dituen iragazgaizte eta isolamendu akustikoko arazoak konpontzeko. Horretarako, egitura metalikoak indartuko dira eta estalkiaren plakak ordeztuko dira. Lanak Goitu Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu, eta kontratua 330.803,51 €-koa izango da.
Markel Azkargorta zinegotziaren ustez, “herri dinamikan Bergarako Udal Pilotalekuak zentralitate handia hartzen du, ez soilik pilotarako. Bertan, bestelako kirol eskaintza desberdinak egon izan dira, baita kulturala zein aisialdikoak ere. Obra honen helburua da, bai pilota zein bertan burutzen diren beste ekintza batzuk baldintza duinagoetan egin ahal izatea. Eta gainera bizilagunei sortu ahal izan zaizkien eragozpenak ahalik eta gehien arintzea”.
Inguruan izango diren afekzioak:
• Langileek udal pilotalekuko aldagelak erabiliko dituzte, eta horren ondorioz, ez da langileentzako aldagelarik egongo kanpoaldean.
• Grua bat jarriko da Telesforo Aranzadi eta Ibargarai kaleen artean. Ondorioz, Juan XXIII plazarako noranzkoan doan trafikoa Irizar kalerantz desbideratuko da, eta handik izango du irteera.
• Une jakin batzuetan Ibargarai kalea puntualki itxi beharra egon daiteke, baina mozketa hauek ez dira luzeak izango.
• Taberna guneari ez dio eraginik sortuko obrak, eta zabalik mantenduko da. Taberna obra eremutik pladurrezko horma baten bidez banatuko da.
Pilotalekuaren historia:
Bergarako Udal Pilotalekua 1885eko ekainaren 21ean inauguratu zen, eta 1915ean estali zen. Geroztik, hainbat berritze lan egin izan dira. Pilotalekuak esku pilota partidak eta kultur ekitaldi handiak hartu izan ditu, besteak beste, Udal Bandaren kontzertuak eta Musika Eskolako emanaldiak. 900 ikusle inguruko edukiera du.