Bergara Antzerki Musikala (BAM!) elkarteak Grimm anaien Hamelingo Txirularia ipuin ospetsuan oinarritutako familia guztiarentzako euskarazko musikala taularatuko du.

Iñigo Casalí eta Iñaki Elizaldek 2008an egindako El Flautista de Hamelin gaztelaniazko musikalaren euskarazko bertsioa izango da. Euskarazko bertsioaren estreinaldia Azaroaren 9 eta 10ean izango da bergarako Seminarixoa aretoan. 4 saio eskainiko dira, bi egun bakoitzean 17:00 eta 19:00etan.

Estreinaldirako sarrerak Urriaren 9an 19:00etan jarriko dira salgai www.seminarixoa.eus atarian eta asteazkenetan Seminarixoko leihatilan 18:00etatik 20:00etara.

EGITURA:
10 musikariz osatutako zuzeneko orkesta
30 aktore eta abeslari
40 haurrez osatutako abesbatza

FITXA TEKNIKOA:
ELEBERRI ORIGINALA: Grimm Anaiak
MUSIKA: Iñigo Casalí
OINARRIZKO LIBRETOA: Iñaki Elizalde
ZUZENDARI ESZENIKOAK: Valen Moñux eta Ander Arruti
ZUZENDARI LAGUNTZAILEA: Oihan Vega
ABESLARI ETA ABESBATZEN ZUZENDARIA: Marije Ugalde
EUSKARAZKO EGOKITZAPENA: Valen Moñux
EUSKARAZKO ZUZENKETA: Miren Amasorrain, Oihan Vega eta Jone Larrañaga EKOIZPENA: Bergara Antzerki Musikala (BAM!)

BAM elkartea Bergarako herriak 35 urte daramatza formatu handiko musikalak egiten eta hau izango da gure 13. ikuskizuna. Bergaran taularatu zen lehen musikal handia 1991ean: Miserableak. 2010ean, historiako lehen euskal musikal originala aurkeztu genuen Olentzero & Co!. 2015tik BAM Elkartea sortu genuen (Bergara Antzerki Musikala) eta Mozkorra Parregarri (El borracho burlado) historiako euskal lehen opera berreskuratu genuen bere 250. Urteurrenean.

2023an geure iraganeko pasarterik bortitzenetakoa kontatu genuen, Euskal Herriko idazlerik ospetsuenaren eleberria taularatuz: Bretxa, 1813ko sutea musikala. Oraingo honetan Hamelingo Txirulariaren historia ezaguna taularatuko dugu familia guztiarentzako euskarazko musikal formatuan.

SINOPSIA
Grimm anaiek jasotako kondaira kontatzen du historiak. 1284ko ekainaren 26an Hamelingo herrian izandako ezbeharra kontatzen du. Arratoi izurrite bat agertu zen, eta honi irtenbidea emateko asmoz, inguruko txirulari ezezagun batek ordainsari baten truke arratoi guztiak akabatuko zituela zin egin zuen. Herritarrek proposamena onartu eta txirulariak bere txirularen soinuaz arratoiak Hamelingo herritik atera zituen. Arratoiak akabatu eta herritik atera ostean, herritarrek ez zuten beraien hitza bete eta ez zien agindutako ordainsaria eman txirulariari. Orduan, txirulariak herritarrek beraien hitza betetzen ez zutela ikusirik mendeku gisa herriko haurrak bere txirularen soinuaz erakarri eta herritik eramango zituen. Azkenean, txirulariak atsekabeturik eta herritarrengan eragindako minaz jabeturik haurrak herrira itzultzea erabakiko du.