Bergarako ludotekak doakoak izango dira aurrerantzean erabiltzaile guztientzat, Bergarako Udalak ordenantza fiskaletan txertatutako neurri berri bati esker. Hori dela eta, ikasturte honetatik aurrera, herriko edozein umek izena eman dezake ludotekan ezer ordaindu gabe.

Izan ere, ludotekak haurren hizkuntza ohiturak aldatzeko izan dezakeen eragina ikusita eta auzoetako eta herriko haurren inklusioa helburu izanda, 2024rako ordenantza fiskaletan erabaki zen herriko hiru ludotekak –Aidau Haurren zerbitzua, Angiozarko ludoteka eta Osintxuko ludoteka– doako zerbitzuak eskaintzea.

“Haurren arteko komunikazioa euskarazkoa izateko eta zerbitzu hezitzaile hau herriko haur guztiengana iristeko modurik eraginkorrena doakotasuna da. Helburu horretan, pauso berri bat eman dugu eta ez da bakarra izango, Bergara hezigarriago bat lortu nahi dugulako”, adierazi du Maite Usabiaga zinegotziak.

Izan ere, orain arte tarifa soziala eskatzeko aukera ere bazegoen, baina soilik tarifa sozialeko onuradunak zeukaten ludoteka dohainik erabiltzeko aukera. Oraingoan urrats bat aurrera eman eta dohainik izatearen aldeko apustua egin du Udalak.

Izen ematea dagoeneko zabalik dago, eta irailaren 9tik 30era bitartean ate irekiak eskainiko dira, zerbitzua bertatik bertara ezagutzeko aukera egon dadin.