Bergarako Udala-k Ar, 2024-07-23 09:36-n bidalia
Oxirondo azoka biziberritzeko asmoz, eta bertan martxan jarriko den Elikaenea proiektua garatzeko, Bergarako Udalaren eta irabazi asmorik gabeko Ereindajan kooperatibaren arteko hitzarmena onartu du udalbatzak astelehen honetan ospatutako plenoan.
Gainbeheran zetorren azoka biziberritzeko hainbat diagnostiko, saiakera eta ekimen egin ditu Bergarako Udalak azken hamarkadan. Zentzu horretan, Gipuzkoa mailan 2021ean azoken inguruko hausnarketa prozesuarekin bat egin zuen Udalak. Oxirondo Azokaren inguruan jasotako ondorioei erreparatuz, azken hiru urte hauetan Bergarako Elikadura Mahaiak beharrezko lanketak egin ditu, azoka, bertako produktuak eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagunea izan dadin.
Elkarlan publiko-komunitarioaren baitan, Azoka biziberritzeko proiektu honen lanketan Udala eta hainbat eragilek partekatu dute ibilbidea (Landa Garapenerako elkartea, Ereindajan kooperatiba txikia, Bergarako baserritarren ordezkaritza, Ehundu eta Udala), eta bide horretan Elikadura Mahaia izeneko lan-egitura finko bat eratu da. Elikadura Mahaiko lanketaren emaitzetako bat da Elikaenea proiektua.
“Oxirondo biziberritu nahi dugu bere funtzio publikoa indartu asmoz, eta, helburua hori izanik, balore ezberdinak sustatuko dituen gune berri bat bultzatu nahi dugu. Elikaenea-k helburu horiek beteko dituela sinisten dugu, eta horren aldeko apustua egingo dugu”, adierazi du Ainhoa Lete zinegotziak.
Zentzu horretan, Elikaenea espazio fisikoa zein egitasmo orokorra kudeatzeko bermea eskaintzen duen bakarra Ereindajan Kooperatiba Elkarte Txikia dela ondorioztatu du Udalak, izan ere, kooperatibak proiektua hasieratik bukaerara finkatutako eran eraginkortasunez emateko ez da bestelako pertsona fisiko zein juridikorik ikusten. Ereindajan Bergara Koop. Elkarte Txikiak Bergaran dagoeneko ibilbidea eginda dauka, bergarar bazkide asko ditu eta bailarako ekoizleekin zein hezkuntza eragileekin lotura zuzena dauka elikaduraren inguruko proiektu desberdinen baitan.
Horrez gain, dinamizazio arloan dagoeneko esperientzia zabala dauka herri zein lurralde mailan, eta elikadura estrategia salerosketatik haratago doala ulertuta, elikadura arloan erreferente da gaur egun. Herri mailako hainbat proiektuetan eskarmentua eta ekoizle eta kontsumitzaileekin burutu beharreko kudeaketan esperientzia dauka kooperatibak.
Azoka Biziberritzeko proiektua aurrera eramateko Bergara Udalak ekarpen ekonomikoa egingo dio Ereindajan-i, 35.000 euroko laguntza jasoko baitu kudeaketaz eta dinamizazioaz arduratuko den pertsonaren gastuei aurre egiteko.
Bide horretatik, Ereindajan-ek jarraian zehaztutako konpromiso hauek hartuko ditu:
- Denda kudeatzea: Sasoiko, bertako eta produktu agroekologikoen aldeko apustua egingo da. Horrela, irizpide hauei jarraiki, eskualdeko baserritarren produktuek lehentasuna izango dute. Helburua, eskualdeko ekoizle txikiak lehenetsi eta beraien produktuak bitartekaririk gabe egunerokoan salgai izatea da. Eskualdeko produktuez gain, saski osoa betetzeko produktuak eskaintzeko konpromisoa hartzen du, ekoizleekin zuzeneko lanketa egin eta kalitatezko eta konfidantzazko produktuak eskaini ahal izateko.
- Sukaldea kudeatzea: Sasoiko eta bertako produktuekin herritarrentzat platerak prestatuko dira. Horretaz gain, asteazkenetako azoka berezietan zerbitzua eskainiko da.
- Sentsibilizazio saio, ikastaro, tailer, zein bestelako dinamikak antolatzea: Jarraipen Batzordean landutako eta proposatutako ekimenei bide emango die Ereindajan Bergara Koop. Elk. Txikiak.
- Tokiko merkaturatze bide berriak landuko dira ekoizle zein kontsumitzaileei logistika eta komertzializazioan bidea erraztuz. Horretarako orain artean Ereindajan Bergara Koop. Elk. Txikiak hornitzen dituen eskola eta jantokien esperientzia baliatuko da.
- Herriko komertzio zein elkarte ezberdinekin elkarlana. Elikaeneak herrian gune erreferente izan nahi du eta horretarako ezinbestean herritar, komertzio, eragile eta elkarte ezberdinekin elkarlana bideratuko du. Elkarlan honen bidez, Oxirondoko azokatik herrian egon daitezkeen beharrei erantzuteko ahalegina egingo da.
Horrez gain, proiektuaren zaintza eta jarraipena egiteko bi lan marko zabalduko dira. Alde batetik, Elikaenea egitasmoaren zaintza Udala eta Ereindajan-ek partekatuko dute. Horretarako, talde motore bat sortuko da bi eragileen artean. Marko honen funtzioa Elikaenea proiektuan zehaztutakoei jarraipena egin eta aurrera begira egon daitezkeenak kudeatzea izango da.
Bestalde, lan marko orokorrago batean, Oxirondo azokako jardun eta kudeaketarako berriz, Jarraipen Batzordea eratuko da. Jarraipen batzordean, Bergarako Udaleko ordezkariek, Ereindajaneko kideek, Landa Garapen Elkarteko kideek, Oxirondo azokara etortzen diren ekoizle, saltzaile eta postuetako kideek edota Oxirondo Azokan kokatzen diren eragileek hartu ahalko dute parte eta bere zeregina Oxirondo Azoka osoaren biziberritzean urratsak ematea izango da.