Bergarako Udala-k Og, 2024-07-18 13:50-n bidalia
Oxirondo azoka biziberritzeko asmoz, hainbat lan eta ekimen ezberdin garatu dira Bergarako Elikadura Mahaian. Horietako bat ‘Elikaenea’ da, irailetik aurrera Oxirondo berria ‘gorpuztu’ eta bergararrei plaza ireki bat eskainiko dien egitasmoa.
Bertan, herritarren, ekoizleen eta postuetako dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua jarriko da martxan. Egitasmoaren nondik-norakoak aurkeztu asmoz, bisita ezberdinak antolatu dira datozen egunetarako herriko eragile, elkarte eta herritarrentzako.
Bisita horietako bat herritarrei bideratuta dago, instalazio berriak, eskainiko diren zerbitzuak eta proiektuaren filosofia aurkeztu asmoz. Hori dela eta, uztailaren 29an –18:30ean– eta uztailaren 30ean –11:00etan– interesa duen edonork izango du Elikaenea ezagutzeko aukera.
Bisitak herritarrentzako:
Uztailak 29 - 18:30ean
Uztailak 30 - 11:00etan
*Izena emateko: Idatzi alkatetza@bergara.eus helbidera edo deitu 943 77 91 00 zenbakira
Proiektu honen beharra herrian landutako diagnosiarekin hasi zen, izan ere, azken urteetan eta bereziki astean zehar, Oxirondo azoka gainbeheran zegoela ondorioztatu zuen Udalak. Hortik abiatuta, bi urte hauetan egitasmo berritzaile bat lantzen aritu dira herriko Elikadura Mahaian. Azokako ohiko kontsumitzaileen ohiturak (postuak, zapatuetako azoka...) zein elikadura arloko etorkizuneko erronkei leku egingo dien proposamenak landu dira.
Espazio berri honek Oxirondoko beheko solairuaren eremu handi bat hartuko du, ohiko postu finkoen ondoan. Bertan, besteak beste, sukalde komunitario bat eta denda bat izango dira, bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko. Elikadura eta sukaldearen inguruan, herri mailako elkargune berri bat martxan jarriko da irailetik aurrera.
“Herrian espazio erreferente bat izatea nahi dugu” diote sustatzaileek, bertako postu, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak indartuaz eta gaur eguneko eskaintza osatuaz.
Horretarako, inguruko herrietan dauden ereduak aztertu dituzte, esaterako, Azpeitiko ‘Elikagunea’. Eta hainbat adituren laguntzarekin ari dira egitasmoa lantzen, Justicia Alimentaria GKE, Asunek Behatokia eta Lakari kooperatiba, kasu.