Bergarako Udala-k Og, 2024-06-13 09:32-n bidalia
Bergarako Udalbatzak Udalbiltzaren Kontseilu Nagusiarekin bat egitea erabaki ostean, aipatutako erakunde nazional horrek bilkura ospatu berri du Etxarrin. Bertan, Udalbiltzara gehitu diren gainontzeko herriek bezala, Gorka Artola alkateak hitza hartu eta Udalbiltzaren baloreak eta helburuak goraipatu ditu.
Biltzarrean aho batez onartu da zazpi herriak Udalbiltzan sartzea, eta partzuergokideen zerrendara gehitu ziren Atxondo (Bizkaia), Azpeitia (Gipuzkoa), Bergara (Gipuzkoa), Iturmendi (Nafarroa), Lekeitio (Bizkaia) eta Lesaka (Nafarroa). Urtarrileko Kontseilu Nagusian beste 7 herri gehitu ziren Udalbiltzara, eta, beraz, 13 dira dagoeneko 2024an Partzuergora sartu diren kide berriak.
“Duela hilabete batzuk Bergarara etorri zineten Udalbiltzako kideak eta harrera egin genizuen gure herrian. Gaur, berriz, Sakanara gatoz gu, Euskal Herri luze zabalean ditugun erronkei aurre egiteko prest. Duela gutxi ere Sakanatik hegoalderagokoa den Jose Mari Esparza omendu genuen gure herrian, Monzon-Ganuza Sarien baitan. Eta bertan esan nuen bezala, ez dugu ahaztu behar Aturritik Ebrora, edota Ibaizabaletik Zadorrara, guztiok osatzen dugula Euskal Herria. Guk, Bergaratik, pauso bat aurrera eman dugu Udalbiltzara gehituz, eta ziur gaude etorkizunean beste hainbat herrik pauso berdina emango dutela”, adierazi du Artolak.
Izan ere, Udalbiltzak beste erakunde batzuek nazio mailan jorratzen ez dituzten sektoreak lantzen ditu, subiranotasuna eta lan kolektiboa sustatuz. Udaletatik, lau oinarri nagusitan oinarritutako proiektu eraldatzaileak bultzatzen dira: herri jasangarria, herri zaintzaile eta hezitzailea, memoria duen herri euskaldun eta anitza, eta udal antolaketa parte-hartzailea, publikoa eta komunitarioa.