Bergarako Udala-k Ar, 2024-06-11 08:28-n bidalia
1.993ean Oxirondo azokarako onartutako erregelamendua gaurkotu asmoz, Bergarako Udalak honen eguneraketa onartu du astelehen honetan ospatutako osoko bilkuran. Erregelamendu berritu horri esker, instalazio horiek gaur eguneko beharretara egokitu ahalko dira, espazioa erabilera berrietarako erabiltzea ahalbidetuz.
Duela urte batzuk Bergaran Elikadura Mahaia jarri zen martxan, eta, bertako ondorio nagusietako bat izan da Oxirondo azoka gizartearen behar berrietara egokitzeko premia. Postu finkoez zein baserritarren azokaz gain, beheko solairuko eskumaldean Elikaenea espazioa irekiko da, lehen sektorea berrindartu asmoz.
“Proiektu berri bat daukagu Oxirondo berraktibatzeko, eta zaharkitutako erregelamendu bat daukagu. Orain, legeak zehazten dizkigun arauetara egokitu dugu. Pentsa, isunak oraindik pesetatan zehaztuta zeuden. Gaur onartuko dugun araudi berri honi esker elikadura eredu berriak eta lehen sektorea indartzen saiatuko gara”, adierazi du Ainhoa Lete zinegotziak.
Oxirondo berrindartzeko asmoarekin, Udalak zenbait hobekuntza eta inbertsio egin ditu azken hilabeteetan. Orain dela hiru urte hainbat eragilerekin abiatutako prozesu bat gauzatzen ari da Bergarako Udala Oxirondoko Azoka bertako produktua eta lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagune bihurtzeko helburuarekin. Kokagune duina eman nahi zaie lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoerari buelta eman, eskaintza osatu eta eskaintza iraunkor bat sortuz. Salmenta guneaz harago, topagune izatea da helburua. Sentsibilizazio eta formazio espazio bat ere edukiko du, eta koordinazio guztia bertatik eramango da.
Prozesu zabal baten parte ere bada azokaren inguruko lanketa. Izan ere, 2021. urtean jorratu zen gaia Gipuzkoako azoken sarean, esaterako, eta baita herrian bertan ere. Lan hori Elikadura Mahaiaren bitartez gauzatzen ari da. Elikadura burujabetzan urratsak eman eta herri mailan elkarlanean arlo ezberdinei erantzuteko proiektuak garatzen ari da mahai hori, tartean azokarena.
Azokan garatuko den proiektuetako bat Elikaenea izango da, duela gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiak Landaola sarien bitartez saritutakoa. Landaola Sariak Federazioa osatzen duten sei elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira. Sariak landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu ziren. Sariak lau ataletan ematen dira: erakunde publikoa, erakunde pribatua, landa eremuko emakumea eta ibilbidea. Sari hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa daukate.