Bergarako Udala-k Or, 2024-05-31 11:05-n bidalia
Bergarako Oxirondo azoka berrizteko lanak bukatuta, astebururo bertan bildu ohi diren baserritar eta saltzaileak bertara itzuliko dira larunbat honetan. Modu honetara, lanek iraun bitartean erabili izan duten karpatik eraikin barrura sartuko dira, eta ohiko martxara bueltatuko dira. Horrez gain, Elikaeneako horniketa lanak uztail erdialderako bukatuko direla aurreikusi dute udal arduradunek, beraz, hori gertatu ostean, Oxirondo azoka berriztuaz gozatzeko aukera izango dute bergararrek.
Orain dela hiru urte hainbat eragileekin abiatutako prozesu baten ondorioz sortutako proiektua gauzatzen ari da Bergarako Udala Oxirondoko azoka biziberritu eta bertako produktua zein lehenengo sektorea erdigunean jarriko dituen topagune bihurtzeko helburuarekin. Kokagune duina eman nahi zaie lehenengo sektoreari eta bertako produktuari, eta astean zehar gainbeheran dagoen egoerari buelta eman, eskaintza osatu eta iraunkor bat sortuz.