Bergarako Udala-k Ar, 2024-05-28 09:31-n bidalia
Bergarako Udalbatzak Udalbiltzaren Kontseilu Nagusiarekin bat egitea erabaki du astelehen honetan egindako osoko bilkuran. Erakunde nazional honen helburua Euskal Herriaren garapena eta barne kohesioa bultzatzea da.
Bergarako gobernu taldea ziur agertu da "Bergara erabat bat datorrela Udalbiltzaren printzipioekin, eta ziur gaude Udalbiltzak ere gauza positiboak ekarriko dizkiola gure herriari". Gorka Artola alkatearen arabera, "gure udalerrian beste herri batzuetan inplementatutako proiektu arrakastatsu ugari ezagutzeko eta aplikatzeko aukera emango digu". Udalbiltzak euskal lurraldeko administrazio arloetako udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza errazten ditu.
Udalbiltzak beste erakunde batzuek nazio mailan jorratzen ez dituzten sektoreak lantzen ditu, subiranotasuna eta lan kolektiboa sustatuz. Udaletatik, lau oinarri nagusitan oinarritutako proiektu eraldatzaileak bultzatzen dira: herri jasangarria, herri zaintzaile eta hezitzailea, memoria duen herri euskaldun eta anitza, eta udal antolaketa parte-hartzailea, publikoa eta komunitarioa.