Bergarako Udala-k Al, 2024-05-27 09:13-n bidalia
Energiak eta jasangarritasunak sortzen duten kezka sozialari erantzunez, Bergarak aipatutako gaien inguruko bi erakusketa izango ditu ikusgai datozen egunetan. Alde batetik, herriko hiru ikastetxeetako ikasleek Bergarako Eskolako Agenda 2030aren baitan egindakoa eta Agorrosingo kiroldegian ikus daitekeena, eta, bestetik, ‘Iraunkortasunari Hamaika Begirada’ izenekoa, Debagoieneko egoera eta aukera energetikoak aztertuko dituena, Laboratorium museoan.
Maiatzaren 27tik ekainaren 7ra Bergarako Eskolako Agenda 2030aren erakusketa bateratua herritarrentzat ikusgai dago Agorrosin kiroldegian. Herriko hiru ikastetxetako ikasleen arteko elkarlanaren emaitza da eta herritarrei energiaren erabilera arduratsuaren inguruan kontzientziatzea da bere helburu nagusia. Eskolako Agenda 2030 programaren baitan Garapen Jasangarrirako Helburuen azterketa bideratzen da. Bi ikasturtetan zehar 7. helburua den “Energia irisgarria eta ez kutsagarria” lantzen ari dira Bergarako ikasleek, iaz diagnostikoa egin zuten eta aurten esku-hartze plana martxan jartzen ari dira.
Bergarako Udalaren Ingurumen Sailak bultzaturiko proiektua da eta Berritzegune Nagusiarekin garatzen da. Erakusketa bateratua koordinatzearen ardura Arazi enpresarena izan da. Agorrosin Kiroldegian egongo dira San Martin Agirreko eskolako, Mariaren Lagundia ikastetxeko eta Aranzadi ikastolako ikasleek egindako lanak.
Ikastetxe hauez gain, Ipintza BHIk ere proiektuan parte hartu du, beste ekintza batzuk martxan jarriz. Eskerrik asko partaide guztiei egindako lanagatik, garapen jasangarria lortzea denon ardura da.
Laboratorium Museoan
Bestetik, Bergarako Udalak eta D2030 Garapen Iraunkorrerako Sareak Iraunkortasunari Hamaika Begirada’ erakusketa antolatu dute Laboratorium Museoan maiatzaren 27tik 31ra bitartean. Bertan, Debagoiena eskualdean klima larrialdiaren eta energiaren erronkei aurre eginez, eskualdean egon daitezkeen aukera energetikoak aztertuko dira.
Hauek dira ordutegiak:
Maiatzak 27-28 10:00-14:00
Maiatzak 29-30-31 10:00-14:00 / 16:00-19:00
Bisita gidatua: Maiatzak 30 18:00
Bukatzeko, energia fakturen inguruko azterketa egingo da maiatzaren 29an Goienerren eskutik 10:00-14:00 eta 16:00-19:00 bitartean.
Azterketa edo bisita gidaturako ordua erreserbatzeko 943 779 139 telefono zenbakira edo ingurumena@bergara.eus helbidera idatzi beharko da. Eta, tailerraren kasuan, ezinbestekoa izango da fakturak eramatea.