Euskararen Plan Estrategikoa lantzeko prozesuaren barruan, Bergarako Udalak herri-eragileekin bi saio antolatu ditu maiatzaren 6rako eta 29rako. Izan ere, datozen urteetan herrian euskara sustatzeko Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesua abiatu du Udalak. Prozesu horren barruan, lehenengo eta behin herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko galdetegi bat prestatu zen eta galdetegi hori 212 herritarrek erantzun zuten.

Aldi berean, arlo desberdinetako kidez osatutako Kontraste talde orokor bat osatu da eta dagoeneko taldeak egin du lehenengo bilera.

Orain bi saio antolatu nahi dira hainbat arlotako eragileak eta interesa duten norbanakoak gonbidatuta. Saioak maiatzaren 6an eta 30ean izango dira Udaletxeko Pleno aretoan 18:30etatik 20:30etara. Hasiera batean honako arloetako lanketak osatzea aurreikusten da.
- Irakaskuntza eta familia
- Aisia eta kirola
- Kultura: sormena eta transmisioa
- Euskararen aktibazioa: Euskaraldia…
- Ikusentzunezkoak + sare sozialak + mundu digitala

Edonola ere beste arlo batzuk ere landuko dira beste foro batzuetan beste egun batzuetan: gazteen aktibazioa, helduen euskalduntzea, merkataritza…
Udalaren webgunean (https://bergara.eus/eu/euskara-plan-estrategikoa-2024-2027) jaso da Herritarrek galdetegiari emandako erantzunen txostena eta baita Euskara Zerbitzuak moldatutako Egoeraren diagnosi-txostenak ere, bai txosten orokorra eta bai arlo bakoitzekoa.

Hala, beraz, Udalak herritarrak saio hauetan parte hartzera animatu nahi ditu eta horretarako, saioak ahalik eta ondoen antolatzeko, aurrez izena ematea eskatzen da. Hona hemen horretarako formularioa. Izena emateko azken eguna, maiatzaren 2a izango da.