Bergarako Udala-k Or, 2024-04-05 15:15-n bidalia
Mikel Zubimendi idazleak Jose Luis Elkoro (Elgeta, 1935) Bergarako alkate eta politikari ohiaren inguruko ‘Hor Egon Zen’ liburua idatzi berri du. Berau ezagutarazi asmoz, aurkezpen publikoa egingo dute apirilaren 13an, larunbata, Bergarako udaletxeko pleno aretoan, 12:00etatik aurrera.
Elkorok, 89 urterekin, ibilbide luze eta anitza izan du politika eta herrigintza arloan. Bergarako alkate izateaz gain, Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide izan zen, eta Eusko Legebiltzarreko parlamentari izateaz gain, Espainiako diputatu eta senatari izan zen.
Liburuaren sinopsiaren arabera, batzuetan, pertsona baten biografiaren bidez azal liteke herri baten historia garaikidea, pertsona horren bizitzak herri baten hainbat mugarrirekin bat egiten baitu. Batzuetan, mugarri horiek josten dituen harietako bat izan daiteke pertsona bera, historia osatuko duten puntada bakoitzean agertzen baitzaigu. Jose Luis Elkororen ibilbidean halaxe gertatzen da; puntadaz puntada, erabakiz erabaki eta gertakariz gertakari, haren biziaroak bat egiten du Euskal Herriak bizi izandako une esanguratsu askorekin: ikurrinaren legeztapena, Alkateen mugimendua, lantegien euskalduntzea, Xibertako eta Zuricheko bake negoziazioak, Egin egunkariaren sorrera eta itxiera... Bere aurkako erasoak eta espetxealdiak gorabehera, apal eta konpromiso handiz jardun da inurri lanean, betiere Euskal Herri euskalduna, burujabea eta askea helburu.