Bergarako Udala-k Al, 2024-03-11 19:28-n bidalia
Jardun Euskara Elkarteak lokal berria izango du aurrerantzean Oxirondo azokako goiko pisuan, astelehen honetan Bergarako Udalarekin sinatu duten hitzarmenak zehazten duen bezala. Modu horretara, liburutegiko sotoa atzean utzi eta Oxirondoko lehen solairuko gune librearen ondoan kokatutako lokalera lekualdatuko dira, instalazio berriago eta modernoagoetaz gozatu ahal izateko.
Otsail bukaeran ospatu zen osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak Jardun elkartearen lekualdaketa. Hitzarmena hamar urtez luzatu ahalko dute bi aldeek, betiere ados baldin badaude, eta helburuetako bat Bergaran euskara sustatzeko jarduerak bideratzea izango da. Jardun-ek lokal hau elkartearen bulegoetarako erabiliko du, nagusiki, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez.
Elkarteak bere gain hartuko du lokala orain dagoen bezala mantentzeko egin beharreko gastuak egiteko konpromisoa, eta horien berri eman beharko dio aurrez Udalari. Horrez gain, argindarraren gastu proportzionala ere hartuko du bere gain Jardun-ek. Bestalde, eraikinak dituen zergen gastua Udalaren gain joango dira.
Zentzu horretan, Eider Usobiaga Euskara arloko zinegotziak erabaki honen garrantzia nabarmendu du: “Herriko elkarteei ahalik eta baliabide onenak ematen saiatzen gara, eta hitzarmen hau asmo horren erakusle da, izan ere, liburutegiko sotoa ez zen elkarte batentzako lekurik aproposena. Bergaran euskarak merezi duen presentzia lortzeko bidelagun garrantzitsua da Jardun, eta Udaletik gure laguntza eskaintzen jarraituko dugu”.
Jardunetik hitzarmen honek urte luzez egindako eskaera eta behar bati erantzuten diola azaldu dute. Oxirondoko lokalak askoz baldintza hobeak izango ditu bai Jarduneko langile eta kideentzat eta baita bertara gerturatuko diren herritar guztientzat ere. Beraz, Jardunetik oso pozik daudela adierazi dute eta Udalari eskerrak eman zabaldutako ate berri honengatik.