Bergarako Udala-k Al, 2024-03-11 13:19-n bidalia
Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola Federazioak IV. Landaola Sariak ospatuko ditu aste honetan. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, Bergarako Udalak izendapena jaso du Erakunde Publikoen sariaren atalean, Oxirondo azoka biziberritzeko asmoaren baitan ‘Elikaenea’ proiektua bultzatzeagatik.
Landaola Sariak Federazioa osatzen duten sei elkarteen eskutik emandako urteroko sariak dira. Sariak landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egin asmoz sortu ziren. Sariak lau ataletan ematen dira: erakunde publikoa, erakunde pribatua, landa eremuko emakumea eta ibilbidea. Sari hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa daukate.
Landaola Federazioaren aburuz, Bergarako Oxirondo azoka biziberritzea du helburu Elikaenea-k. Azokaren beheko solairuan eremu zabal bat hartuko du eta, besteak beste, sukalde komunitarioa eta bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko denda bat egongo dira. Elikaduraren subiranotasuna, ordutegi malguak, kalitatezko elikagaiak, sentsibilizazio jarduerak eta jantokietarako hornidura ardatz dituen ‘azoka garaikidea’ sustatu nahi du Elikaeneak.
Zentzu horretan, Ainhoa Lete alkateordeak izendapenaren garrantzia nabarmendu du: “Oxirondo biziberritzeko eta balio erantsi bat eskaintzeko ahalegina egiten ari gara, herriko komertzioari lagundu eta lehen sektoreko inguruko ekoizleei bultzada bat emateko. Dena den, proiektu hau elkarte eta eragile ezberdinek osatutako Elikadura Mahaitik bultzatu da, beraz Udaletik ere eskerrak eman nahi dizkiegu bidelagun izaten ari diren eragile ezberdinei, beraiek gabe proiektu hau ez zelako posible izango”.
Sari banaketa ostegun honetan ospatuko da Usurbilen 12:00etatik aurrera, eta azken edizioetan proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak eragiten dion landa eremuko biztanlegoa eta sortutako lanpostu kopurua, duen zabaltzeko aukera eta izan duen oihartzuna, edota eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza nabarmendu izan dira sariduna hautatzeko orduan.