Bergarako Udalak 2024rako Aurrekontuak onartu ditu astelehen honetan ospatutako ezohiko osoko bilkuran, EH Bilduko 10 zinegotzien aldeko bozkarekin eta oposizioaren aurkakoekin. Guztira, 33.411.085 euroko aurrekontu bateratua izango du aurten Bergarako Udalak ohiko gastuetarako eta inbertsioetarako. Modu horretara, aurtengo inbertsio nagusiak gauzatzeko beharrezkoa den tramitea gainditu du gobernu taldeak, eta, horri esker, aurten sei milioi euroko inbertsioak egin ahalko ditu, iazko inbertsio gaitasuna handituz.

Aitor Aranzabal udal gobernuko Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “bergararren bizimodua hobetzen jarraitu nahi dugu, arlo ezberdinetako proiektuak aurrera ateraz eta gure herriaren etorkizunean pentsatuz. 2024a urte oparoa izango da bergararrontzat, urte luzeetako eskaera batzuei erantzungo baitiegu eta beste hainbat proiektu berritzaile martxan jarri”.

Besteak beste, Arrizuriaga jauregiko lanak bukatu eta herritarrei irekitzeko 750.000 euroko inbertsioa gauzatuko du Udalak datorren urtean. Horrez gain, frontoiko teilatua eta pareta konpontzeko 350.000 euro, bidegorria handitzeko 400.000 euro eta Agorrosingo gimnasioa berrizteko 200.000 euroko diru partidak txertatu ditu Aurrekontuan

Gainera, legegintzaldi honetarako mugarri izango diren bi proiektu gauzatzen hasiko da Udala. Izan ere, herriko erdigunea zeharkatzen duen Barrenkale kalea eta San Martin Agirre plaza berrizteko 500.000 euroko diru partida jarriko du 2024rako. Hala ere, proiektu hau ez da urte bakarrean gauzatuko. Martokoa kalean ere antzeko planteamenduarekin berrurbanizazio lanak garatuko ditu Udalak datozen urteetan, eta kasu honetan ere, 500.000 euroko diru partida gordeko du Udalak 2024rako. Bi proiektu estrategiko hauetarako behar ekonomikoak 2025 eta 2026ko aurrekontuekin osatzeko proposamen ekonomikoa lantzen dihardu udal gobernuak eta urte hasieran aurkeztuko da.

Besteak beste, 2023an Berdintasun sailari aurrekontuetan partida propioa aitortu ondoren, bide horretan sail hau indartzen jarraitzeko apustua egitea proposatzen du Udalak 2024an ere. Berdintasuneko partida ia %30an igota. Arlo horretan, esaterako, Emakumeen Txokorako partehartze prozesua jarriko da martxan edota lehenengoz indarkeria jasaten duten emakumeentzako diru laguntzak eskainiko dira.

Oposizioko alderdiekin izandako negoziaketetan, proposamenak Aurrekontuetara gehitzeko egindako ahalegina nabarmendu du gobernuak. “Aurreko legealdian udalaren zorpetze maila jaitsi izanak horretarako baldintzak erraztu eta proiektu estrategikoetan sartzeko aukera ematen du. Identifikatutako beharrak asko dira, baina lehentasunak markatzea da gure eginbeharreko bat eta daukagun errealitatera egokitu, hori horrela izanda anbizio handiko proiektua aurkeztu dugu. Bergaran urteetan egiteke egon diren proiektu estrategiko batzuk martxan jartzeari ekingo diogu”, gaineratu du Aranzabal gobernuko kideak.

Auzoek ere 2024an garrantzia izango dute eta bertara bideratuko da aurrekontuaren %3,6a. Esaterako Osintxu auzoa biziberritzeko plana gauzatzen jarraituko da, eta 185.000 euro bideratuko dira horretara. Baserri bideen konponketa eta egokitzapenak egiteko 380.000 euro izango dira, azken hamarkadetako partida handiena.

Horrez gain, Jasangarritasunaren bidean urratsak ematen jarraitzeko inbertsioak handitzea aurreikusten da, Udal eraikinetan energia berriztagarriak ezartzeko eta udal ur-sarea hedatzeko asmoz 700.000 euro bideratuko dira. Baita lurren erosketa publikoak egin eta ingurumenari lotutako proiektuak gauzatzen jarraitzeko ere.

· Gorka Artola alkatearen adierazpenak: https://youtu.be/xiwSfcM4ODA