Bergarako Udalak Bilboko Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Museoan ospatuko den 'Languages Lanean. Hizkuntza kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan' kongresuan parte hartuko du herriko enpresagintzan euskara hedatzeko garatutako ‘Harixa’ ekimena aurkezteko.

Kongresu honek lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua duten erakundeen praktika onak zabaltzea du jomuga. Etorkizunari begiratzen dio kongresuak, sektore sozioekonomiko globalizatu bati, non hizkuntza-kudeaketa beharrezkoa den kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta merkatuan lehiatzeko.

Globalizazioa, aniztasuna edo nazioartekotzea dira gaur egungo gizartearen ezaugarriak, besteak beste, eta horiek hizkuntza-kudeaketaren konplexutasuna areagotzen dute jarduera ekonomikoan. Aukera berriak ere sortzen dira, hizkuntza-teknologien edo adimen artifizialaren eskutik.

Zentzu horretan, Gorka Artola Bergarako alkateak Harixa-k euskararen normalizazioan eskaini dezakeen bultzada nabarmendu du: “Euskara esparru ezberdinetara hedatu behar da, eta garrantzitsua da gure hizkuntza enpresa mundura ere zabaltzea. Bergaran urrats ausarta eman genuen 2022an ekimen honekin, eta gutxinaka emaitzak ikusten hasi dira”.

Izan ere, herriko 37 enpresa, talde eta eragilek eman dute izena ekimenean, eta hurrengo erronka Debagoien osorako plan bat egitea izango da. Horretarako, Jaurlaritzak eta Bergarako Udalak lanean dihardute eskualdeko gainontzeko Udalekin batera.

Languages Lanean kongresuaren helburua da eremu sozioekonomikoan hizkuntzen kudeaketa egokia egiteko esperientziak ezagutzea, irakaspenak partekatzea eta horien gainean eztabaidatzea. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dira. Hitzaldiez gain, sektoreen arabera antolatutako mahai-inguruak izango dira. Egitarau zabala prestatu da, 50 hizlari baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute kongresua. Bi eguneko topaketa izango da, eta Bilbon izango du egoitza; urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian eta 19an Guggenheim Bilbao Museoan.

Kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea webgunearen bidez: https://languageslanean.euskadi.eus