Bergarako udal gobernuak 2024rako aurrekontu proiektua aurkeztu du, herria biziberritu eta bergararren bizi baldintzak hobetzen jarraitzeko. Horretarako, 33.120.743 euroko Aurrekontua izango du datorren urtean, eta dagoeneko gobernu taldeak oposizioari aurkeztu dizkio aurreikusita dituen proiektu eta diru partida nagusiak, beraien proposamenak jaso eta aztertzeko helburuarekin. Ondo bidean, 2024rako Aurrekontuak urtarrilean onartzea aurreikusi dute udal gobernuko ordezkariek.

"Aurreko urteerako inbertsio gaitasuna gaindituko da aurten, ia 6 millioi euroko inbertsiora iritsita. Aurreko legealdian udalaren zorpetze maila jeitsi izanak horretarako baldintzak erraztu eta proiektu estrategikoetan sartzeko aukera eman digu", adierazi dute udal ordezkariek. Hori dela eta, 2024rako Aurrekontua %9,2 igoko da azken urtearekin alderatuta. Aldiz, Gipuzkoako Aldunditik iritsiko den transferentzia %6 handituko da.

Besteak beste, Arrizuriaga jauregiko lanak bukatu eta herritarrei irekitzeko 750.000 euroko inbertsioa gauzatuko du Udalak datorren urtean. Horrez gain, frontoiko teilatua eta pareta konpontzeko 350.000 euro, bidegorria handitzeko 400.000 euro, Agorrosingo gimnasioa berrizteko 200.000 euro eta Ipintza futbol zelaiko belargunea berrizteko 250.000 euroko diru partidak txertatu ditu Aurrekontu proiektuan.

Gainera, legegintzaldi honetarako mugarri izango diren bi proiektu gauzatzen hasiko da Udala. Izan ere, herriko erdigunea zeharkatzen duen Barrenkale kalea eta San Martin Agirre plaza berrizteko 500.000 euroko diru partida jarriko du 2024rako. Hala ere, proiektu hau ez da urte bakarrean gauzatuko. Martokoa kalean ere antzeko planteamenduarekin berrurbanizazio lanak garatuko ditu Udalak datozen urteetan, eta kasu honetan ere, 500.000 euroko diru partida gordeko du Udalak 2024rako. Bi proiektu estrategiko hauetarako behar ekonomikoak 2025 eta 2026ko aurrekontuekin osatzeko proposamen ekonomikoa lantzen dihardu udal gobernuak eta urte hasieran aurkeztuko da.

“Bergararren bizimodua hobetzen jarraitu nahi dugu, arlo ezberdinetako proiektuak aurrera ateraz eta gure herriaren etorkizunean pentsatuz. 2024a urte oparoa izango da bergararrontzat, urte luzeetako eskaera batzuei erantzungo baitiegu eta beste hainbat proiektu berritzaile martxan jarriko ditugulako”, adierazi du Gorka Artola alkateak.

Auzoetako inbertsioei dagokionean Osintxu auzoa biziberritzeko plana gauzatzen jarraituko da, eta 185.000 euro bideratuko dira horretara. Baserri bideen konponketa eta egokitzapenak egiteko 380.000 euro izango dira, azken hamarkadetako partida handiena. Horretaz gain, Udal eraikinetan energia berriztagarriak ezartzeko eta udal ur-sarea hedatzeko asmoz 700.000 euro bideratuko dira.

Aipatutako inbertsio nagusiez gain, Udalak arlo ezberdinetako proiektuak gauzatuko ditu. Berdintasun arloan, esaterako, ia %30ean igoko da partida. Arlo horretan, esaterako, Emakumeen Txokorako partehartze prozesu bat jarriko da martxan edota lehenengoz indarkeria jasaten duten emakumeentzako diru laguntzak eskainiko dira.

Bestalde, duela hilabete martxan jarri zen Adineko Pertsonen Kontseiluak egindako ekarpenei erantzuteko 8.000 euroko partida sortu da. Horrez gain, Oxirondoko Azokan bukatu berri diren lanak osatu asmoz, ezker aldea txukuntzeko beste 80.000 euro aurreikusi ditu Udalak.

Gainera, hirugarren adineko pertsonak artatzeko etxez-etxeko zerbitzura eskaintzeko berriz 1.100.000 euro izatea erabilgarri proposatu du udal gobernuak.