Bergarako Udala-k Og, 2023-11-09 20:23-n bidalia
Saioa Galarraga Pardina eta Julen Murgiondo Izagirre dantzari bergararrak Euskal Herriko dantza txapeldunak izan ziren urrian Seguran ospatutako txalpeketan. 2019ko eta 2022ko lehiaketak irabazi ostean, aurtengoa hirugarren aldia izan da txapelketa berbera irabazten dutela. Bost urtetan hiru txapelketa irabazteari esker, saria ordezkatzen duen eskultura Bergaran geratuko da betirako.
Lorpen hori balioan jarri eta dantzari bikotea zoriontzeko asmoz, Bergarako Udalak harrera egin die ostegun honetan Galarragari eta Murgiondori. Bertan, Gorka Artola alkateak bergarar guztien “esker ona” helarazi die, “Bergararen izena Euskal Herritik hedatzen lagundu izanagatik”. Zentzu horretan, “dantzaren bitartez gure emozioak eta gure herriaren kultura eta balioak transmititzeko aukera” dagoela nabarmendu du.
Artolak, gainera, saria udaletxean geratzeak suposatzen duen “ohorea” nabarmendu du: “Ez izan zalantzarik hemen mimo eta maitasun handiz zainduko dugula, eta gaurko ekitaldi hau ere gure bihotzetan geratuko dela betirako”.
Ekitaldian, gainera, Maite Lazkano dantzarien prestatzaileak hartu du hitza. Ez da udaletxeko pleno aretoan egon den dantzari bakarra izan, izan ere, Juantxo Urbieta, Amaia Agirre, Maite Lazkano eta Aitzol Ena dantzari bergararrak ere bertan izan dira.
Modu honetan, Bergarako Udalak herriko dantzari historikoak ere omendu nahi izan ditu ekitaldi honetan. Bukatzeko, herriko dantzari gazteek aurreskua dantzatu diete Euskal Herriko txapeldun berriei eta gainontzeko dantzari historikoei.