Infernukua tabernaren aldeko espaloitik Kruz Gallastegi kaleko irlatxoraino doan oinezkoentzako ibilbideari jarraipena emateko lanak hasi ditu Bergarako Udalak. Modu horretara. Gaur egun etenda dagoen espaloiari jarraipena eman eta oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko da.

Horrez gain, oinezkoentzako (bizilagun eta herritar) sarrera bermatu nahi da Masterreka 17-19 atarietara zein espaloira eta Masterrekako 9, 11, 13 eta 15 atari, lokal eta garajeetara sartzeko plazatxoetara.

Lan hauen bitartez, azalera egokitu eta espaloi kotak altxatuko dira. Bide batez, eremu horretan euri-uren eta ur beltzen instalazioak berrantolatuko dira. Gainera, zebrabidea egokituko da araudi berrira egokituz eta, marka zein seinaleztapen horizontal eta bertikalak jarriko dira.

“Masterreka kalean azken urteetan egindako obren zatirik handiena bukatuta dagoen arren, hobekuntzak egiten jarraitzen dugu bergararrentzako herri irisgarriago eta seguruago bat lortzeko. Izan ere, obra hauekin oinezkoei pasabide seguru bat bermatuko diegu”.

Enpresa esleipenduna Construcciones Artzamendi da, eta kontratuaren prezioa 95.747,36 eurokoa izango da (BEZ barne).