Bergarako Udala-k Al, 2023-10-16 10:04-n bidalia
Erorikoei aurrea hartzeko tailer batzuk antolatu dituzte Bergarako Udaleko Gizarte-zerbitzuetako Sailak eta Kirol Sailak, Osakidetzaren Osasun-zentroekin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin batera. 64 urtetik gorako pertsonei eta euren senide edota zaintzaileei zuzenduta daude, erorikoen kopurua gutxitzeko asmoz.
Izan ere, erorikoak dira lesio eragile nagusiak EAEko 64 urtetik gorako adinekoetan. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako pertsonen erdiak; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte.
“Garrantzitsua da gure herriko pertsona nagusiei beraien bizitza errazteko baliabideak eskaintzea. Hor daude, besteak beste, Bergaran eskaintzen dugun ARIN arreta zerbitzua edota mota honetako tailerrak. Bergarako Udaletik adin guztietako bergararrontzako ekimenak martxan jartzeko apustua egiten jarraituko dugu”, adierazi du Ainhoa Lete zinegotziak.
Tailerrak Bergarako Agorrosin Kirol Gunean egingo dira bi saio teoriko-praktikotan: urriaren 24ean eta 26ean, 16:30etatik 18:00etara. Bertan azalduko dira, besteak beste, zergatik gertatzen diren istripu horiek eta zer egin aurrea hartzeko, zer garrantzizkoak diren ohitura osasungarriak eta ariketa fisikoa, edota nolako laguntza teknikoak dauden eskuragarri (telelaguntza, laguntza teknikoak, etxeko laguntza, …).
Izen-emateak dohainik egin ahalko dira Osasun-zentroan (943 035400) edo Agorrosingo kirol gunean (943 777095), bertan edo telefonoz.