Bergarako Udala-k Az, 2023-09-27 15:53-n bidalia
Asteazken honetan ospatu dira gazteei bideratutako ‘Ekinola’ ekintzailetza jardunaldiak Bergaran, eta, besteak beste, Bergarako Udalak Lacor-Ibili enpresa bergararra omendu nahi izan du, azken urteetan izandako garapenagatik. Lacor-Ibili familia izaerako enpresa honek sukalderako eta ostalaritzarako tresneria egiten du, eta gaur egun 180 langile inguru ditu, 75 milioi eurotik gorako fakturazioarekin. Guztira, 80 herrialde baino gehiagotan saltzen ditu bere produktuak.
“Garai berrietara egokitzeko erakutsitako ahalmen eta adorea” eskertzeko, Ainhoa Lete Bergarako alkateordeak egin dio ‘Ekinola’ren hirugarren edizioaren aitortza: “Enpresa mundua, eta hori ondo dakigu bailara honetan, eremu emankorra da, eta bertan ideia ausartak eta gizartearen beharretara egokitutako irtenbideak bilatzen dira. Lacor-Ibili-k jakin du behar horietara egokitzen, eta azken urteetan logistika arloa hobetzeko egindako apustuak bere fruituak eman ditu. Hori dela eta, bere sektorean posizionamendua hobetzea lortu du. Beste hainbat enpresa eta bergararren antzera, gure herria 80 herrialdeetan zabaltzea lortu du, eta hori beti da zoriontzekoa”.
Zentzu horretan, erakunde publikoetatik ekintzailetza sustatzeko egin beharreko ahalegina nabarmendu du Letek, eta, besteak beste, Bergarako Udaletik momentu honetan empresa berrientzako eta norbanakoentzako martxan dauden 50.000 eurora arteko diru laguntzak aurkeztu ditu: “Bergara herri industriala izan da urte luzez, eta azken hamarkadetan sektore ezberdinetako enpresak sortzen joan dira pixkanaka. Udaletik horien aldeko apustua egiten jarraituko dugu”.
Hitz hauek aurten hirugarren aldiz ospatu diren ‘Ekinola’ jardunaldietan egin ditu, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan. Bertan, ideia berritzaileak dituzten eta ekintzaileak diren gazteei zuzendutako hainbat egitasmo garatu dira asteazken honetan, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroaren, Mariaren Lagundiaren, Bergarako Udalaren, Enpresare elkartearen, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Tknikaren babesarekin.
Gazteek proposatu zaizkien erronken inguruko ideiak aurkezteko aukera izan dute, eta baita horiek garatzeko dauden bitartekoak ezagutzeko aukera. “Elkarren beharra dute enpresek eta ekintzaile gazteek, eta jardunaldi hauek horretarako zubia ere badira. Bergarak historikoki izan du ekintzailetzara grina, eta ekimen honekin izaera hori indartu eta sustatu nahi da, gazteei enpresetan txertatzeko bidea egiten laguntzearekin batera”, adierazi du Ainhoa Lete Bergarako Udaleko zinegotziak.
Horrez gain, ‘Palets Imeju’ lantaldeak irabazi du 1.000 euroko saria, produkzio prozesuetarako eginiko proiektuagatik.