Bergarako Udala-k Or, 2023-07-14 10:21-n bidalia
Bergarako Udalak figura politiko berri bat txertatuko du bere organigraman, azken legegintzaldian barne antolaketa mailan egindako aldaketetan sakontzeko. Astelehenean ospatuko den Osoko Bilkuran onartuko da berrikuntza hau, Udalak herriko eragile zein herritarrei eskaintzen dien zerbitzuetan hobetzeko bokazioarekin.
Izan ere, azken legegintzaldian Udalaren barne antolaketa hiru atal nagusitan banatzea erabaki zuen Udalbatzak: Herritarrak, Antolaketa eta Lurralde arloak. Legegintzaldiaren bukaeran, barne antolaketa berriaren balorazio positiboa egin zuten arlo tekniko zein politikotik, baina koordinatzaile baten beharra azaleratu zuten. Orain, berriz, figura berri honekin, hiru arloek koordinatzaile bana izango dute, arlo bakoitzaren dinamikak indartuz.
“Bergararrei ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzeko, Udaleko baliabideak hobetzeko pausoak ematen jarraitzen dugu. Hurrengo lau urteetan, norabide berdina izan arren, azken legegintzaldian topatu genituen ahulguneak indartzen saiatuko gara”, adierazi dute udal ordezkariek.