Osasun Sailak eta Osakidetzak 2023ko Bero Plana aktibatu dute dagoeneko. Plan horren helburua da gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen eragina prebenitzea eta murriztea, urteko hilabete beroenetan, eta arreta berezia jartzea egoera ahulenean dauden kolektiboei.

Tenperatura altuek osasunerako dituzten arrisku nagusiak honako hauek dira: deshidratazioa, izerdiaren ondorioz ura eta elektrolitoak gehiegi galtzearen ondorioz gertatzen dena, eta intsolazioa edo bero-kolpea, gorputzaren termorregulazio-sistemak huts egitearen ondorioz pertsona tenperaturaren batbateko igoerara egokitzea zailtzen duena.

Arriskuko biztanleria
• Adinekoak eta 4 urtetik beherako haurrak.
• Emakume haurdunak eta bular-emaileak
• Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak.
• Autonomia mugatua duten pertsonak.
• Aire zabalean lan egiten duten pertsonak.

Kontuan hartu beharreko sintomak
• Buruko mina, nekea, zorabioak, goragalea, sukarra.
• Kasu larriagoetan, konbultsioak, portaera-aldaketak, kontzientziaren alterazioa edo zorabioa egon daitezke.

PREBENTZIO NEURRIAK

A. Deshidratazioa saihestea
• Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
• Saihestu kafeinadun edariak, alkoholdunak edo oso azukredunak. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
• Handitu entsaladen, barazkien eta fruten kontsumoa, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak birjartzeko.
• Saihestu janari koipetsuak eta ugariegiak, zaildu egiten baitute berora egokitzea.

B. Berotik babestea
Aire zabalean
• Egunaren erdiko orduetan saihestu eguzkitan egotea. Ez jarri inoiz eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
• Babestu eguzkitik kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkibabesa erabiliz.
• Erabili arropa arina, lasaia eta izerditzen uzten duena.
• Saihestu jarduera fisiko bizia bero handieneko orduetan. Programatu jarduera goizeko lehen ordurako edo arratserako. Zeharkaldiak edo mendi-ibiliak eginez gero, kontsultatu eguraldiaren iragarpena eta ziurtatu ur nahikoa eramatea.
• Kontsultatu osasun-langileekin tenperatura handiekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomak izanez gero (ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, alditxarra…).
Barnealdeetan
• Aprobetxatu bero gutxien egiten duten uneak gelak aireztatzeko eta freskatzeko. Itxita eduki leihoak eta pertsianak tenperatura altuak direnean.
• Eguneko ordurik beroenetan saihestu beroa sortzen duten makinak eta aparatuak erabiltzea.
• Haizagailuak erabiltzeak barnealdeak freskatzen laguntzen du.
• Bero handia nabarituz gero, komeni da gorputza freskatzea, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin.

C. Pertsona ahulenak zaintzea:
• Edozein pertsonak beroaren ondorioz arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia eman behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, baita adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.
• INOIZ EZ da inor geratu behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, gerizpean egon arren; batez ere adingabeak, adinekoak edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak.
• Adinekoek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasuna dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin bisitatzea, gutxienez.