Aho batez onartu du Bergarako udalbatzak 2023-27 eperako Udalean Euskararen Erabilera normalizatzeko Plan Estrategikoa. 2019-2023 agintaldiko azken osoko bilkura izan da maiatzaren 22koa, eta bertan landutako gai gehienak aho batez onartu ditu. 

4 urtean behin egin behar du Udalak euskara normalizatzeko plana. Oraingoak, baina, Ekaitz Aranberri euskara zinegotziak azaldu zuenez, berrikuntza bat du. Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzak metodologia berri bat sortu du planak egiteko, eta hori erabiliko dute EAEko udal denek eta beste erakunde publikoek. Aurrez, hori testatzeko 5 erakunderekin jarri zen harremanetan Eusko Jaurlaritza, tartean Bergarako Udala. 

Horren garrantzia azpimarratu zuen Aranberrik: “Ez da kasualitatea Bergarako Udalari proposamena egitea, eta horri balioa eman nahi diot. Urte askotako lanaren ondorioz, eredu da Bergarako Udala euskararen normalizazioan. Eta hala jarraitzen dugu, 'Harixa' lan munduan euskara sustatzeko ekimenarekin, esaterako”, esan zuen. 

Udalak pausuak ematen jarraitzeko aukera hau baliatuko duela esan zuen. Euskara planaren kudeaketan, adibidez, zeharlerro moduan lantzeko. “Oraingoan ere adostasun osoarekin onartzea ere esanguratsua da. Segi dezagun eredu izaten”, amaitu zuen. 

Udala “Berener Koop. S”eko bazkide laguntzailea izatea ere onartu zuen udalbatzak, eta baita Goruetan ikerketa bekaren oinarriak ere. Helburua da emakumeek herriari eta gizarteari egindako ekarpenak ikertzea eta zabaltzea; emakumeen lana argitara ematea. Bi urteetarako beka da.

Arloa: