Koldo Eleizalde lehiaketen 38. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu da. Bergaran jaiotakoek edo bertan bizi direnek zein ikasi edo lan egiten dutenek har dezakete parte. Lanak aurkezteko epea apirilaren 20ra artekoa izango da.

Lau genero edo genero-multzotako lanak aurkez litezke: ipuin idatzia eta poesia, komikia, bertsoa, eta kontakizuna eta interpretazioa. Azkeneko horren barruan daude honako hauek: antzerkia, podcasta, ipuin-kontaketa eta txiste edo umorezko pasadizoen kontaketa.

Grabazioak (entzunezkoak eta ikus-entzunezkoak) webgune bitartez aurkeztu behar dira. Horretarako, formulario hau bete behar da eta bertan erantsi artxiboak. Testuzko lanak webgunearen bitartez entregatu ahal izango dira edo paperean, udaletxean, Bergararren Arretarako Zerbitzuan (B@Z).

Sari-emate ekitaldia Seminarixoan egingo da ekainaren 3an, 12:00etan.

Lehiaketaren oinarriak eta bestelako azalpenak ere webgune berean aurki litezke helbide honetan: https://euskara.bergara.eus/eu/koldo-eleizalde-lehiaketa.

Koldo Eleizalde lehiaketak Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatzen ditu. 1986. urtean hasi zen eta  2001ean lehiaketari Koldo Eleizalde Lehiaketak izena ematea erabaki zen, euskalari bergarar famatuaren omenez. 

Saritutako lan idatziekin liburua argitaratu eta ikastetxeetan banatu ohi da. Bestalde, webgunean aurki daitezke 2009az geroztiko ikus-entzunezko lanen grabazioak.


 

 

Arloa: