Zabalotegiko Txiki Txokoaren inguruko berrurbanizazioa egiteko lanak esleitzeko deialdia egin du Bergarako Udalak. Proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 17ra arte dago zabalik.

Oinherri herri hezitzaileen sareko kide da Bergara, eta horren filosofiari jarraituta egin da gunearen diseinuaren prozesua. 2020. urtean sortu zen Bergarako herri hezitzailea taldea. Ideia mordoa zutela aipatu dute bertako kideek, eta horiek praktikan jartzeko asmotik abiatu zen haurren parte hartzearekin jolaserako espazio bat egokitzeko prozesua, Zabalotegin gauzatu dena.

Emaitza praktikoaz harago gauza asko eman ditu egindako prozesuak, eta ikasketa orokor bat ere jaso dutela aipatu dute, etorkizunean egingo diren lanetan oso kontuan hartzekoa: “Konturatu gara ez genekiela oso ondo nola galdetu haurrei haiek zituzten ideiak eman zitzaten. Egiten ikasten denez, guretzat ikasketa prozesua ere izan da”.

Gorka Artola alkatea pozik dago egindako lanarekin. “Haurrak izango dira jolas parkearen erabiltzaileak, eta herri hezitzailearen oinarriei jarraituta, subjektu aktibo gisa hartu ditugu prozesuan, haiek dituzten beharrak eta nahiak entzuten. Azken urteotan proiektu asko egiten ari gara partaidetzan, eragileekin eta herritarrekin. Haurrak ere herritarrak dira, beraz, helduekin egiten dugun bezala hasi behar gara haiek entzuten”.

Ludotekan bertan egin zen lehen parte-hartze saioa, bertako erabiltzaileekin. HHko haurrek eta LHkoek hartu zuten parte. Zabalotegira bisita egin zuten saioa egin baino astebete lehenago. Espazioan hobetzeko ikusi zituztenak zerrendatu zituzten, batetik, eta jarriko lituzkeenak bestetik. Zerrenda osotik hiruna lehentasun markatu zituzten. LHkoek buruan zuten jolas parkea marraztu ere egin zuten.

Bigarren parte-hartze saioa familiekin egin zen, eta hemen ere ideia zerrenda handia osatu zuten. Online parte hartzeko aukera ere eman zen.

Jasotako ideiekin jolas gunea diseinatzeko proposamen bat osatu zen. Jolas parkean egon beharko liratekeenen artean hauek jasotzen dira: eszenatokia: eserlekuak, maila ezberdinak; mahaien gunea: picnik mahaiak eta eserlekuak; gune aktiboa: eskalada, oreka/desoreka; esperimentazioa: lokaztegia, iturria (urarekin jolasteko gunea), nahasketak egiteko gunea…; gune lasaia: etxetxoak, belarra, ezkutatzeko gunea; lorategia, landare zaintza.

Partaidetza prozesuan egindako proposamen horretan oinarrituta idatzi du proiektua ‘Imara Ingeniaritza, S.L’-k. Eta hori da gauzatuko dena. Proposamenak aurkezteko epea amaituta, urtarrilak 17, esleipenaren prozedura zabalduko da. Lanak 4 hilabetetan egitea aurreikusten da, eta aurrekontua 91.562,23€ (BEZ barne) da.

Jolaserako gune berria

Guneak 700 m2 ditu. Jolas jarraiturako gunea izango da, egur naturalarekin egindako elementuak izango dituena. Haurrek material naturalak ukitu, sentitu eta elkarri eragiteko aukera izango dute, eta hortaz, jolasaren bidez horietaz gozatzeko.

Ekipamendu berriak kioskoko hexagonoaren bi aldeetan kokatutako dorre-modulu bat izango du. Bertan, igoera-sare bat, txirrista, tunela, arbela, eskalada-pareta, bankua eta soka ahula egongo dira. Era berean, enbor eta sokazko baso bat izango du; hiru aurpegiko rokodromo bertikal bat; txikientzako bentatxo bat eta jolas sinbolikoetarako mahai bat; gurpil-aulkientzako arrapala irisgarri bat eta alboetako itxiturak, jolaserako irekiguneekin; eta plataforma inklinatuez eta sokaz osatutako igoera-multzo bat. Kioskoaren kanpoaldean, gainera, habia bat jarriko da, eta espazio osoan segurtasun-zoru bat jarriko da.

Horrez gain, bankuak, paperontziak eta alboko horman babes-baranda bat jarriko dira, bai eta iturri bat ere. Argiztapen-sistema berritu egingo da, bost luminaria eta sodio-lurrunezko lanparen ordez LED teknologiako beste batzuk jarriz, inguruko energia-eraginkortasuna eta baldintza luminoteknikoak hobetzeko. Era berean, sei argi gehiago jarriko dira parkearen atzeko oinezkoentzako pasealekuan.

Txiki Txokoan bertan gunea nola geratuko den erakusten dituzten irudiak jarriko dira.