Azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren testuinguruan hainbat ekimen antolatu dira Bergaran. Garrantzia berezia eman nahi dio Udalak gaztetxoekin egindako lanketari, eta sentsibilizazio ekintzak dituzte herriko ikastetxeetan eta ludoteketan. Irudi eta lelo bateratua adostu dute jasotako proposamenen artean lehiaketa bitartez. Aurtengo leloa “Eskola morea, etorkizuna gurea” da. Egindako ekimenetako irudi batzuk jasotzen dira bideo honetan.

Ekimenean parte hartu dute: Aranzadi ikastolak, Ipintza BHIk, Jardun Euskara Elkarteak (Angiozarko ludoteka, Aidau haurren zerbitzua eta Osintxuko ludoteka), Mariaren Lagundia ikastolak, Miguel Altuna LHIIk eta San Martin Agirre Herri Eskolak.