Lan-munduan euskara sustatzeko 'Harixa' programaren barruan herriko enpresekin sinatu nahi den hitzarmena aho batez onartu du Bergarako udalbatzak irailaren 26an egindako ohiko osoko bilkuran. Urriaren 25ean egingo da hitzarmena sinatzeko ekitaldia. 

Herritarren Batzordeko lehendakari eta Euskara zinegotzi Ekaitz Aranberrik azaldu ditu ekimenaren nondik norakoak, eta eskerrak eman dizkie lan-mahaiko kideei egiten ari diren lanagatik. 

Aranberrik azaldu duenez, “badira dagoeneko 30 urte baino gehiago Bergarako ume eta gazteek euren derrigorrezko ikasketak D ereduan egiten dituztela. Eskolaz kanpoko munduan (kulturan, kirolean, aisian...) ere aurrerapauso nabarmenak egin dira azken urteetan eta nagusiki euskaraz funtzionatzen du. Lan-munduan, aldiz, euskararen presentzia nabarmen ahulagoa da, nahiz eta zenbait enpresatan aurrerapauso garrantzitsuak eman diren. Hori horrela izanik, 2021ean onartutako 'Bergara izan, bizi, ekin planean', lehentasuneko arlotzat jaso zen euskararen erabilera lan-munduan sustatzeko proiektua garatzea”.

Joan den urtean lan-mahaia osatu eta ordutik lanean ari da aipatutako ildoan. Aranberrik azaldu duenez, euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu diren herriko enpresetako ordezkariek osatzen dute mahaia. Gaineratu du, Bergara eredu dela euskararen normalizazioan. “Ez gara zerotik abiatzen. Horren erakusle da, esaterako, hitzarmenaren proposamena 30 enpresa ingururi aurkeztu izana, horretarako egindako bilera irekietan, edota udalbatzak aho batez onartu izana. Bidea markatzen ari gara, eta ilusio handiarekin ari gara”.

Askotariko konpromisoak jasotzen dira hitzarmenean, enpresa bakoitzak, duen egoera aintzat hartuta, hauta ditzan. Iraupena lau urtekoa izatea proposatzen da. 

Udalbatzak aho batez onartu du, halaber, Aranerreka auzoan mendi lursail bat erostea. 2021. urteko otsailean Bergarako Udalak salerosketa bidez landa lurrak erosteko deialdi publikoa egin, eta eskaintzak aurkezteko epean 12 mendi lursailen salmenta eskaintzak jaso zituen. Udalbatzak 2022ko uztailaren 18an erabaki zuen behin-behinean erosi behar ziren lursailak aitortzea. Erabaki berdinean ere ebatzi zuen bi lursail ez erostea “aurkeztutako eskaintzen artean puntuazio txikiena dutelako eta Udalak duen 30.000 euroko eros-ahalmena gainditzen delako." 

Horiekin batera onartu zen 2021. urteko aurrekontua agortuta, “estrategikotzat edo lehentasun berezikotzat jotzen dituen lursailak baleude oraindik, Bergarako Udalak lursail horien salmenta 2022ko aurrekontuen kontura hitzartuta uzteko eskubidea gordetzen du". Horrenbestez, eta Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik azaldu duenez, “Aranerrekako lursail hori, bai duen azalerarengatik, bai duen kokapenarengatik (hirigunetik gertu dago eta sarbide erraza du); hala biodibertsitatea areagotzeko eta ingurumen heziketarako jarduerak garatzeko aukera ona eskaintzen duelako, erostea. Gainera, ekimen hauekin baso kudeaketa publikorako bidea ematen du, esku pribatuetan dauden lursailak publiko bihurtzen direlako”, esan du. Lursailak 66.580,00 m2 ditu, eta 26.632,00 euroko kostua du. 

 

Arloa: