Behin-behineko alkate eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Letek Maria Salsamendi Berdintasun teknikari berriarekin batera aurkeztu dute Bergarako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana. Prozedura administratiboa amaitzeke dago oraindik, izan ere, Emakundera bidaliko da, eta ondoren osoko bilkurara eramango da onartzeko.

“Berdintasunaren arloan aurrera urrats garrantzitsua egingo du Bergarako Udalak, batetik, III. Berdintasun Plana, 2022tik 2025era bitartean indarrean egongo dena, martxan jarrita. Eta bestetik, aspalditik zegoen behar bati erantzunez. Lehenengo aldiz Berdintasun teknikaria izango du Udalak, eta modu horretan arloari, eta Berdintasun Planari indar handiagoz, estrategikoki erantzun ahal izango zaio”, azaldu du Ainhoa Letek.

Gaiari lotuta Bergara izan, bizi, ekin legealdiko planean arloari lotutako helburu batzuk bete, eta beste batzuk betetze bidean jarriko direla gehitu du. “Plana eta Berdintasun teknikariaren lanpostuaren sorrera, batetik, eta emakumeentzat izango den espazioaren sorrera, bestetik”.

Maria Salsamendi Luengo izango da aurrerantzean Bergara Udaleko Berdintasun teknikaria. Berdintasunean eta politika feministetan esperientzia handia du, bai esparru publikoan zein pribatuan. Bere gidaritzapean gauzatuko da Berdintasun Plana.

II. Planaren balorazioa egin ondoren, III. Berdintasun Planaren diseinu prozesuan herrian dauden behar eta erronkak identifikatzeko, iturri ezberdinetara jo da, hauetatik beharrezkoa izan den informazioa lortzeko metodologia parte-hartzailea erabiliz.

Hortaz, prozesu honetan ezinbesteko izan da udal langileen, Bergarako Berdintasun Kontseilua osatzen duten eragile desberdin eta anitzen zein norbanakoen partaidetza. Hauekin landu diren datu bilketarako tresna desberdinen bitartez  (lan saioak, aurkezpenak, galdetegiak…) lortu baita herriko III. Berdintasun Plana osatu ahal izateko beharrezko informazioa. Partaidetzan oinarritutako lana izan dela esan du Letek, eta prozesuan parte hartu duten pertsona guztien prestutasuna eta egin dituzten ekarpenak eskertu ditu.

Bergaran Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Planaren oinarria diren lau esku-hartze, lan ildo zehaztu dira, horrelako planetan ohikoa denez, eta hauen garapenerako helburu eta ekintza zehatzak diseinatu dira. Horiek izango dira 2025era arte Berdintasun arloaren politika eta programen bide orria. Gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea, eskubideak bermatzeko; emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko herria. Maria Salsamendi Berdintasun teknikariak aurkeztu ditu.

Gobernu onaren atalari dagokionean, hiru helburu nabarmendu ditu Salsamendik, Planean jasotzen direnak. Lehenengoa, udal langile eta arduradun politikoek beraien jardunean genero ikuspegia txertatzea: diagnosia, formakuntza plana, gauzatzea eta lanean eragina izatea. Bigarrena, Udalak erabiltzen dituen ohiko prozesu eta prozedura administratiboak emakumeen eta gizonen berdintasunean eragiteko baliagarriak izatea, esaterako, datuen sistematizazioan, komunikazioan, harrera-dokumentuetan, edo kontratazioetan klausulak jarriz. Hirugarrena. Udal mailako politika publikoetan herritar guztien eta bereziki emakumeen partaidetza ahalbidetzea eta bermatzea (udal organoetan eta errepresentazio jardueretan, esate baterako).

Emakumeen ahalduntzeari dagokionez, helburuak dira: herritarren sentsibilizazioarekin jarraitzea (egun esanguratsuak, emakumeen ekarpena, feminismoan sakondu); emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiborako ekimenak bultzatzea eta emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzea, esaterako Berdintasun Kontseilua indartuz.

Arlo honetan jarritako helburuez gain ekimen bat ere nabarmendu du Salsamendik, emakumeen  etxea emakumeentzako espazio bat sortzeko prozesuaren lehen urratsen diseinua eta garapena. “Ekintza honen garapenak, egingo duen bidearen arabera, eragin zuzena izango du ahalduntzerako eta jabekuntzarako ekimenetan, baita Bergarako emakumeen partaidetza sozial eta politikoan ere, hortik garrantzia.

Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea, eskubideak bermatzeko atalean hiru helburu: Zaintza lanak balioan jartzea eta jarrera erantzun kidetasunaren balioa sozializatzea, batetik; Bergarako enpresetan berdintasuna eraldaketarako tresna dela lantzea, bestetik; eta hezkidetzaren ildo estrategikoa garatu (formakuntza, plana, mahaia…).

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko herria atalean bi helburu eta hainbat ekimen: Herritarraren sentsibilizazioan eta prebentzioan eragiten jarraitzea eta indarkeria matxistaren bizi duten emakumeei beharrezko arreta eta babesa ematea.

“Hau guztia Berdintasunetik bultzatua, koordinatua elkarlanean oinarritua, Udalean ari direnekin  eta Udaletik kanpo daudenekin, mugimendu feminista, kontseilua, beste taldeak herritarrak …”, egingo dela gaineratu du Salsamendik.

Arloa: