Otsailaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran Bergarako udalbatzak Ukrainako gerraren inguruan lanketa egiteko konpromisoa hartu zuen, hiru alderdien artean adostasuna bilatu eta adierazpen instituzionala egiteko.

Udal Gobernuak martxoaren 2an egindako bozeramale batzordearen bilera berezian adierazpen instituzionala egiteko proposamena eraman zuen, eta hori lantzen hasi ziren hiru aldeak. Ez dute adostasunik lortu, ordea, eta Udal Gobernuak, bilera horretan PSE-EEk egindako ekarpen eraikitzaileak bere jatorrizko proposamenera gehituz adierazpen hau egin du:

Bergarako Udal Gobernuaren Adierazpena Ukrainako egoeraren inguruan

2022ko otsailaren 24an, Errusiako armadak operazio militar bat hasi zuen Ukrainan. Gerra piztu izanak ondorio larriak ekarriko ditu Ukrainako herritarrentzat. Tragedia humanoa hasi da: guztia galduko duten herritarrak izango dira, zaurituko direnak, hilko direnak. Haur eta gazte belaunaldi bat betiko markatuko duen gerra piztu da egunotan. Eta Europako gainerako herritarrengan ere une honetan pentsa ezinezko ondorioak ere ekar ditzake, gerra bat nola hasiko den aurreikusi baitaiteke, baina inoiz ez nola amaituko den.

Honen guztiaren aurrean, Bergarako Udal Gobernuak zera adierazi nahi du:

1.- Zentzurik gabeko Gerra hau lehenbailehen amai dadila eskatzen du.

2.-.XXI. mendean, ez Europan eta ez inon, gerra ez da gatazka politikoak konpontzeko tresna.

3.- Bergarako Udal Gobernuak erakunde gorenei eskatzen die gerra amaitzeko diplomaziaren aldeko hautu irmoa egin dezaten.

4.- Aldi berean, kezkaz ikusten du mundu mailan potentzia guztiak sortzen ari diren blokeek elkarren kontra daramaten mehatxu militar, ekonomiko eta teknologikoa.

5.- Bakearen aldeko konpromisoa berresten du.

6.- Azkenik, gure elkartasunik zintzoena helarazi nahi diogu Ukrainako herriari, eta gerra hau Ukrainako herritarrengan sortzen ari den sufrimendua arintzeko udalak dituen ahalmenen araberako bitarteko guztiak jarriko dituela agintzen du.

 

Bergaran, 2022ko martxoaren 9an