San Pedro parrokiako Stoltz Frères organoa zaharberritu egingo da. Otsailean organo guztia desmuntatu eta Lyonera (Frantzia) garraiatuko dute, bertan berritu dezaten. Berritze lanak bukatuta aurreikusten da 2024ko ekainean berriro organoa Bergaran bueltan izatea.

2022ko otsailaren 19an organoari agurra egiteko ekitaldiak antolatu dira San Pedro parrokian: 12:00etan Bergarako erraldoi taldearen eta Elgoibarko dultzaineroen emanaldia izango da organoaren doinuekin batera. 20:00etan, berriz, Bergarako koru parrokiala, Musika Eskola, Txistulari banda eta organoaz lagundutako ekitaldia izango da.

Organoaren zaharberritzea Frantziako Michel Jurine etxeak egingo du. Lan horietan espezialistak dira eta mundu mailan aritzen dira instrumentuak berritu eta eraikitzen.

Berritze lanek 468.103 euroko aurrekontua izango dute, eta finantzazioa lortu da erakunde publikoen, elizaren eta organoaren aldeko elkartearen arteko elkarlanari esker. Diputazioak 234.000 euro jarri ditu; San Pedro parrokiak, 80.000 euro; Bergarako Udalak, 60.000 euro; Donostiako Elizbarrutiak, 54.000 euro; eta Stoltz elkarteak, azkenik, 40.103 euro.

Organoaren ibilbidea

San Pedroko organoa 1889ko martxoaren 18an inauguratu zen (Eiffel dorrea Parisen inauguratu zen hilabete berean). Eugène eta Edouard Stoltz organo-egileek elizan bertan eraiki zuten organoa. 132 urtez egon da martxan.

Gaur egun mundu osoan jatorrizko egoeratik gertuen dagoen Stoltz-Frères etxeko organo handien artean bakarra da. Marka bereko beste organo batzuekin alderatuz hau jatorrizkoaren hurbileko baldintzetan mantentzen denez, Stoltz-Frères etxearen lekuko paregabe eta sinbolikoa da. Adituek diotenez, instrumentu erromantiko garrantzitsua da; ez du aldaketarik jasan, eta bere soinu-ezaugarriak oso jatorrizkoak dira. XIX. mendeko organo erromantikoaren salbuespen-ondaretzat har daiteke.