Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak 2022ko Monzon-Ganuza Euskal utopikoei sariaren irabazleak ezagutarazi dituzte gaur, otsailak 7, Olaso Dorrean egindako prentsaurrekoan. Iratxe Esnaola Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak eta Kristina Markina Bergarako Udaleko Kultura zinegotziak eman dute sariaren berri prentsaurrekoan. Martxoaren 10ean Seminarixoan egingo den ekitaldian jasoko dute saria.

Euskal Herriari, haren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak.

Eta saria erabakitzeko unean, kontuan izaten dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, hala nola herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edo/eta batasunaren balioa.

Jose Luis Elkoro Unamunok (Elgeta, 1935) eta Mari Karmen Ayastuy Agirrek (Bergara, 1943) Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute. Euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu dira beti. Baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan, frankismoan bezala ondoren ere. Eta hor egon dira biak: aberriaren alde hartu zuten konpromisoari leial. Elkarrekin amesten, ametsari elkarrekin bultzatzen.

Proiektu askotan eta askotarikotan aritu dira haien bizitzan. Esaterako, Bergarako ikastolaren sorreran parte hartu zuten, arriskuak onartuz, seme-alabentzat klandestinitatean egiten zen irakaskuntzaren alde eginez. Gero herrigintzaren deia etorri zen Jose Luisentzat, lehenik, Alkartu Nai proiektuaren
bultzatzaile eta kide; eta, gero, herriko alkate bezala. 1976ko Alkateen Mugimenduko kide izan zen.

Mari Karmen eta Jose Luisek euskara bihotzean eta ahoan izan dute beti. Eta lehen mailako hizkuntza gisa tratatzen zuten. Jose Luisek badaki zer den udaletxean inork euskaraz ez jakitea, idazkari guztiak Espainiatik nola bidaltzen zituzten ikustea, edota zein oztopo zituzten aktak euskaratu ahal izateko. Eta euskara lehen lerroan jarri dute biek, Elay familia enpresan ere: aitzindariak izan dira euskararen sustapena ardatz gisa hartzen.

Bete-betean egiten dute bat, hortaz, Jose Luisen eta Mari Carmenen ibilbideak Monzon-Ganuza sariarekin aitortu nahi diren baloreekin. Bergararrontzat, ezinbestean, berezia izango da aurtengoa haiek gure herrian izan duten, eta duten tokiagatik.

2021. urtean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021.urteko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena. Iaz, lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion.  

Sari-banatzea martxoaren 10ean egingo da Seminarixoan egingo den ekitaldian.

Ematen den saria sinbolikoa da, eta Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzearekin batera, euskal artista berriak sustatzea ere bultzatzen da. Belaunaldien arteko zubi lana ere eraikiz.

Azaro hasieran egin zitzaien deialdia artista berriei haien proposamenak aurkez zitzaten. Aditu artistikoen batzordeak hautatuko du aurtengo saria nork egingo duen, eta otsailaren 28an aurkeztuko dugu. Iaz, Zaloa Ipiña Bidaurrazaga artista plastiko bilbotarrak egin zuen Libe Goñi Garatek jaso zuen 'Amnesia kolektiboa' arte-lana.