2020ko ZTB jardunaldien balorazio orokorra oso positiboa da. Bergarako udalak, Laboratorium Museoaren bitartez gaiari ekarpena egiteko bidea jarri du beste behin. Azaroko Jardunaldien ekitaldi kopurua murriztu den arren, zabalpena inoiz baino handiagoa izan da, eta hori zenbakiek esaten digute: aurten pertsona gehiagok jaso dute (1825 pertsona), modu batean edo bestean, ZTB jardunaldien eskaintza.

Osasun pandemiak moldaketak egitea eskatu du. Jende multzo handiak ezin bilduta, ikastaroak eta hitzaldiak online eskaintzea erabaki zen eta honek, positiboki eragin du hedapenean. Ez hori bakarrik, jardunaldiak amaituta ere, ikusgai daude ztbergara.eus webgunean.

ZTB Jardunaldiak dagoeneko ezagunak direla berretsi ahal izan dugu, jarraitzaile askok urtez urte errepikatzen dute parte hartzea, fidelak dira. Ez hori bakarrik, beste erakunde eta elkarteekin egiten diren elkarlanak ere sendotzen ari dira.

Lekuan bertan egoteko edukierak mugatu behar izan direnez, eskatutako pertsona guztiek ezin izan dute presentzialki egon; mugikortasun arazoengatik ere, kanpoko pertsonen kopuru presentziala mugatua izan da. Hala ere, online eskaintzaren bidez horiek eta gehiagok parte hartu ahal izan dute jardunaldietan.

Jarduera bakarra atzeratu da (Ilustrazio zientifikoaren ikastaroa abendura atzeratu da) eta bakarra utzi da bertan behera (azaroaren 26an Aranzadirekin elkarlanean egitekoa zena, Aranzadikoek hala erabakita).

Uztailean eman zitzaien hasiera jardunaldiei, Amaia Arranz hizlariak uztailaren 15ean egindako saioarekin. Ondoren, UNEDen parte hartzearekin komertzio eta ostalariei digitalizaziorako sentsibilizazio eta formazioa eskaini zitzaien eta hil honetan ere, sare sozialen erabilerarako aholkularitza ematen hasi zaie.

Hezkuntza-eskaintzari dagokionez, aurten goizetako hitzaldietan parte hartzeko aukera eman zaie ikasleei. CO2 -aren inguruko Susana Perezen hitzaldian gazte batzuk parte hartu zuten Seminarixoan eta beste askok online jarraitu zuten ikastetxeetatik bertatik. Oso gai interesgarriak eta erabilgarriak izan direla adierazi digute gainera, Nafarroako, Bizkaiko eta Bergarako ikastetxeetako arduradun batzuk.

Industria arlora bideratutako barnetegia ere ondo baloratu dute bertan egon ziren enpresek.

Modu honetara, hainbat arloetako pertsonak batu ditu aurtengo jardunaldiak eta gaien aniztasuna ere agerikoa izan da.