Covid19 birusak gogor eragin du gizartean. Bat-batean, ezinbestez, gure egunerokoa, gure bizimodua erabat aldatu du, eta herriaren zein gure egunerokotasunaren zutabe diren herriko negozio txikiek pertsianak jaitsi zituzten birusaren hedapena gelditu eta herritarrok babesteko.

Bi hilabete luzez itxita egon dira negozio hauek guztiak eta galera erraldoiei aurre egin behar izan diete. Adore handia eta guztion babesa beharko dute eguneroko martxa hartu eta aurrera egiteko.

Udalak oso argi dauka herriari bizia ematen dioten negozio hauek guztiak ezinbestekoak direla, haiek gabe Bergara ez da bizi.

Krisi honen hasieratik Udalak ahalegin berezia egin du egoera larrienean daudenei behar duten laguntza eskaintzeko, eta hala egin du Gizarte Zerbitzuekin, bestelako departamenduekin zein herritarren boluntario sarearekin koordinatuta.

Horrez gain, Udalak hausnarketa sakona egin du herriko negozioen egoera eta premiak zeintzuk diren bere horretan jakiteko, eta asko izan dira horien ordezkariekin egindako bilerak.

Krisiak herriko esparru asko kolpatu ditu gogor, eta urte hasieran onartutako udal aurrekontuak ez dira egoera berrira egokitzen; diru sarrerak nabarmen gutxituko dira eta lehentasunak beste batzuk izango dira orain.

Lehentasun garrantzitsuenetako bat da herria egunerokoan sostengatu eta birus hau herrira heldu denean ere guztion on beharrerako erantzukizunez jokatu duen negozio txikien sarea biziberritzea, eta Udalak eskura dituen baliabideak honen alde jartzea.

Negozio horien arduradunak, jabeak, langileak... gu moduko herritarrak dira. Haien atzean daude familia asko. Eta beraien lanarekin bizitza, enplegua, ongizatea eta aberastasuna ematen diote herriari.

Nahiz eta egoera ekonomikoa zaila den, Udalak lasaitasun mezua zabaldu nahi die herritarrei. Bergarako Udalak bere baliabideak jarriko ditu bergararren ongizatea bermatzeko, eta ahalegin guztiak egingo ditugu inor ez uzteko bazterrean.

Helburu horrekin, herriko ekonomia biziberritzea, alegia, Udalak hainbat neurri berri hartu ditu:

-Herriko komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuei dirulaguntza zuzenak emateko 300.000 euroko partida.

Negozioa berriz martxan jarri eta berraktibatzen laguntzera bideratuta dago. Laguntza horrek balioko du hemendik aurrerako ibilbidean negozio bakoitzak ikusten dituen beharrei aurre egiteko.

Dirulaguntza eskuratzeko oinarriak datorren astean argitaratuko dira.

-Herriko ostalaritza negozioei terrazak handitzeko aukera eskaini zaie eta tasetan ere aldaketak egongo dira.

Atzo Bergarako ostalariei Udalaren proposamena helarazi zitzaien, eta euren ekarpenak jaso ostean, datozen egunetan zehaztuko dira neurriaren xehetasunak. Tasak moldatzeaz gain, terrazek espazio handiagoa hartzea baimentzen du neurri honek, eta hala nahi izanez gero, ostalariek egin beharko diote proposamena Udalari. Eskaerak banan-banan aztertuko dira Hirigintza departamentuan eta erantzuna emango zaie. Eskaerak honako helbidera bidali beharko dira: garapena@bergara.eus

-Herriko komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuei babesa eman eta herritarrak kontzientziatzeko sentsibilizazio kanpaina martxan dauka Udalak 5.000 euroko partidarekin.

Apirila erdian abiarazi zuen Udalak, ‘Herriko komertzioa Bergararekin, Bergara herriko komertzioarekin’ izeneko sentsibilizazio kanpaina.

Herriko negozio guztiei aukera emanez eta Bedelkarrekin elkarlanean, 23 negozioren ahotsa jaso eta zabaldu du Udalak sare sozialetan dituen kanalen bitartez, hor daudela eta jarraituko dutela gogoratuz. Kanpainak ekintza desberdinak batzen ditu, batez ere ikus-entzunezko formatuan eta sare sozialak erabiliz. Horren baitan kokatzen da, baita ere, Oxirondo azokako saltzaile eta ekoizleen ikusgarritasuna handituko duen ekimena.

-Bertako turismoa indartzeko 30.000 euroko partida onartu da.

Bergarak erakusteko asko dauka, altxorrez beteta dago, eta Udalak ahalegin gehigarri bat egin nahi du bisitari gehiago erakartzeko. Eta, horren bidez ere, gure negozioei beste bultzada gehigarri bat emateko.

Aipatutako horiez gain, Bergarako ekonomia biziberritzea helburu duten honako ekimenak ere martxan ditu Udalak:

-Herriko komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuetan gastatzeko 44.000 euro bideratu ditu Udalak, Kuttuna.org plataformaren bonuen bitartez.

Kuttuna.org plataformaren bitartez Udalak herriko negozioei aukera eman die plataforma horretan alta eman eta haien produktu edo zerbitzuak eskuragarri jartzeko; eta herritarrek aukera dute negozio horietan produktu edo zerbitzuak %80ko kostuarekin eskuratzeko. Erosketa bakoitzaren %20 Udalak finantzatu du. 44.000 euro bideratu ditu ekimen horretara: 40.000 erosketak finantzatzeko eta 4.000 transakzio gastuak ordaintzeko. Dagoeneko 80 negozio batu dira ekimenera, eta helburua da horietan guztira 200.000 euroko inpaktua eragitea. Dagoeneko 168.875 eurotik gora jaso dute merkatariek, eta 200.000 eurora datozen egunetan heltzea aurreikusten da.

-Herriko komertzio, ostalaritza negozio eta zerbitzuen ur eta zabor tasak murriztuko dira. Uretan 36.000 euroko inpaktua aurreikusten da, eta 10.000 eurokoa hondakinetan.

Alarma egoeran derrigorrean itxi behar izan duten saltoki, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionalei uraren kontzeptu finkoaren tasa eta zaborraren tasa ez zaie kobratu.

Neurri guzti horiek, terrazen tasetan izango diren moldaketak kontuan hartu barik, 581.000 euroko eragina izango dute herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan.

Tasak moldatzeaz gain, terrazek espazio handiagoa hartzea baimentzen du neurri honek, beti ere oinezko eta bestelako erabiltzaileentzat espazioa bermatuz; eta hala nahi izanez gero, ostalariek egin beharko diote proposamena Udalari.

Bergarako Udala jakitun da aurrera begira ere alor ekonomikoan lanketa handia egin beharko dela. Erantzunkizunez eta arduraz, lanean jarraituko du bere baliabideak ahalik eta hoberen kudeatzen, beti herritarren ongizatea helburu. Etorriko dira neurri eta erabaki berriak, bere garaian hartuko direnak. Norbanako, eragile eta administrazio publiko; denok elkarlanean, egin dezagun aurrera.