Berezko ur-lasterra, aski handia, itsasora edo beste ibai batera isurtzen dena. Euskaltzaindiaren hiztegiak horrela definitzen du ibaia. Eta horrela ikusi izan dugu gizakiok hamarkada askotan zehar: ura daraman ibilgu huts bat bezala, eta hein handi batean baliabide bat besterik ez.

Haatik, ibaia ez da ibilgu batetik doan ur-masa soilik, ekosistema bizi bat da, denboran eta tokian aldatuz doana. Ibai-ekosistema hori biotopoak eta bertan bizi diren biozenosiak osatzen dute; biotopoa ingurumen-baldintza uniformeak dituen eremua da, eta hiru elementu nagusi ditu: ibilgua, ibaiertza eta uholde-lautada; biotopo honetako bizidunak dira biozenosia, bai uretako bai lehorreko espezieek osatua.

Mendeetan zehar gizakiak egindako erabilera desberdinen eraginez, ordea, ibai-ekosistema horien egitura eta funtzionaltasuna gutxituak izan dira; horren adibide dugu Deba bailaran Deba ibaiaren ibilguak izan duen eraldaketa.

Argazkia: Deba ibaiaren egoera Bergarako herrigunean. Iturria: Ur Agentzia (Artxibo fotografiko irekia). Egilea: Pedro Odriozola

2000. urtean Europar Batasunak onartutako Uraren Esparru Zuzentarauak sakoneko aldaketa ekarri zuen ibaien kudeaketan, ibai-ekosistemaren konplexutasuna aintzat hartzeko beharra ezarri baitzuen. Hain zuzen ere, horren ondorioz hasi zitzaion garrantzi gehiago ematen ibaien korridore izaerari lurraldearen antolamenduan eta uraren kudeaketan. Izan ere, ibai-korridoreak ibai-lurralde oso-osoa hartzen du barne, hau da, ibaiak agorraldian duen ubidea, ibaiertzeko landaredia eta baita ur-goraldietan urek hartzen duten gune guztia ere, horri lotutako landare-estaldurarekin batera.

Ibai-korridoreek, berez duten balio ekologikoaz gain, oinarrizko bi eginkizun betetzen dituzte, zuzentzaile ekologikoak eta erregulatzaile hidrologikoak diren heinean.

Balio ekologikoari dagokionez, ibai-korridoreek mantendu egiten dituzte ibaiarekin lotutako ekosistemak –uretako nahiz lurreko ekosistemak, nahiz bi horien arteko elkarrekikoak–; horrela, bioaniztasun handiko guneak sortzen dituzte eta ibai-eremuarekin lotuta dauden espezie ugarientzat babesleku bihurtzen dira.

Kontuan hartu behar da, halaber, ibaia luzera-dimentsioko sistema dela –agian bere itxuragatik horrela errazen ikusten dugulako–, baina zeharkako dimentsioa ere baduela, bai eta sakontasun-dimentsioa ere, ibaia akuiferoarekin lotzen denean. Eta lotura ekologiko horretan, ibaiertzeko basoak erabateko garrantzia du: hainbat animalia eta landareren babeslekua da, gerizpea sortzen du ur-tenperatura mantentzeko, landaretzaren erroek ertzak eta ibilguak egonkortu eta higadura gutxitzen dute eta ur-goraldietan uraren indar zein ur-abiadura baretzen dute, azpiegituretan sor ditzaketen erasanak murriztuz. Ordea, ibaiertzeko landaretzak oso egoera kaskarra du, batez ere hiriguneetan, eta kasu askotan desagertu egin da erabat. Horrekin, ibaia biluztu eta babesgabe uzten dugu.

Beste alde batetik, “erregulatzaile hidrologikoak” diren aldetik, ur-goialditan ibaiak daramatzan emariaren eta sedimentu-zamen laminatzaile lana egiten dute, eta horrela, ibaiaren energia zati batean murriztuz, sor daitezkeen kalteak gutxitu daitezke eta akuiferoak bete ahal dira berriz.

Beraz, egoera onean egoteko ibai batek ezinbestekoak ditu landaredia, sedimentua, emari-geldiuneak, ibilguan den zura, tokiko fauna eta flora, gerizpeak, hazten denerako zabaltzeko guneak… Agerikoa baita ibaia ez dela bizirik gabeko ubide bat.

Iturria: Ur Agentzia

Iturriak:

 

Arloa: