Errekalde jauregiko lorategia eta azpiegitura berrantolatu eta irisgarritasuna bermatzeko lanak ekainean hasiko dira. Berrantolatze lan hauen proiektu egilea Citerea SL enpresa da eta enpresa honek lorategiaz gain, goiko bidegorrira arteko eremua ere berrantolatzeko proiektua idatzi zuen. Hala ere, aurrekontu oso handia izanik, Udalak erabaki du oraingoz lehen fasea, lorategiarena, egitea.

Obra Zuzendaritza Lur Paisajistak enpresaren esku dago eta Segurtasun-Osasun koordinatzailea PG Prevención izango da.

Berrantolatzeak ikuspuntu kontserbazionista izango du; hau da, ez da landarerik aldatuko eta lorategiaren izaera eta egitura originala bermatuko dira. Lorategiaren ardatz nagusia eta bide sarea osotasunean berreskuratuko da, bai oinezkoena eta baita ibilgailuena ere; arrapalak arinduko dira; euri urak jasoko dira; ureztatze sistema berria egingo da eta argiteriaren azpiegitura berria exekutatuko da, besteak beste.

Obrak Artzamendi SA enpresari adjudikatu zaizkio 142.519,81 eurotan (BEZ barne) eta lanak lau hilabetetan gauzatuko dira.

Errekalde jauregiak ondare izendapena izanda, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailaren Ondare Azpisailak 50.227 euroko dirulaguntza eman du obra hau egiteko.