Bergarako Udalak udaltzainburu berria dauka 2017 bukaeratik. Udaltzainburu berria Ander Okiñena andoaindarra da. 2009 urtean udaltzain agente bezala hasi zen lanean Bergarako Udalean 2015 urtera arte. 6 urte horietan agente moduan aritzeaz gain, lehen agentearen ordezko lanak ere egin zituen. Ondoren, bi urte kanpoan pasa eta gero, 2017ko azaroaren 1ean Bergarako Ofizial Ondoko Udaltzainburu izendatu zuten barne promoziozko hautaketa prozesua gainditu ondoren.

Udaltzainburuaren funtzioetatik aipagarrienak hauek dira:

1.- Udaltzaingoaren egitekoen antolaketa eraginkorra bultzatzea herriaren beharrei ahalik eta modu egokienean erantzuteko.

2.- Arrisku publikoen eta larrialdien egoeretarako protokoloak egin, horiek inplementatu eta horiek zabaldu, Udalaren beste zerbitzuekin koordinazio-bideak landuz.

3.- Orokorrean gertutasunezko Udaltzaingo bat sustatu honen funtzio asistentziala indartuz, herritaren eskaerei eraginkortasunez erantzuteko.

Komunikazioetarako TETRA sistema berria

Martxo erdian, Bergarako Udaltzaingoa irrati sistema digital berria erabiltzen hasi da, TETRA izena duena, aurretik erabiltzen zuen sistema analogikoa ordezkatu duena. Hala, Bergarako udaltzain guztiek sistema digital hau txertatuta duen walkyak ibiltzen dituzten orain. Irrati digital bidezko TETRA sistema beste emergentzia zerbitzuek (anbulantziak, Ertzaintzak, suhiltzaileak, beste herrietako udaltzaingoek…) ere erabiltzen dute. Modu honetan, Bergarako Udaltzaingoaren eta zerbitzu hauen arteko elkarlana nabarmen hobetuko da.

Sistema honek eskaintzen dituen hobekuntzen artean, hauek azpimarra daitezke:

-Larrialdi meteorologiko edo bestelako larrialdi baten aurrean, herrian egon daitezkeen ekintza, ekitaldi eta bestelakoetan, gainontzeko larrialdi zerbitzuekin komunikazio kanal berriak sortzeko aukera ematen du, zerbitzu guztien koordinazioa erosoagoa eta azkarragoa bilakatuz; eta, ondorioz, arazoari erantzun hobea emateko.

-Udaltzainek erabiliko dituzten irratiek GPS sistema dute. Honen bidez, urruneko lekuetan sortu daitezkeen ezbeharretan beste larrialdi zerbitzuei leku konkretua zehaztea errazagoa izango zaie.

Laburbilduz, TETRA sistemak estaldura hobea, datuak kontsultatzeko aukera eta beste larrialdi zerbitzuekin koordinazioa hobetuko du, herritarrei eskaini beharreko zerbitzuan modu positiboan eraginez.

Arloa: