700 bergarar baino gehiago San Martinetako Danborradan

Irailaren itzulerarekin batera, aurten ere San Martinak ospatuko dira Bergaran. Larunbat honetan feria izango da protagonista, eta datorren asteburuan kultur ekitaldiz beteko da herria. Programazioa aurkeztu asmoz, Udaleko zein Bergarako eragile ezberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean, eta bertan, besteak beste, nagusien Danborradan 700 bergararrek baino gehiagok parte hartuko dutela iragarri dute. Zentzu horretan, Gorka Artola Bergarako alkateak eskerrak eman dizkie San Martinetan modu batean ala bestean laguntzen diharduten bergarar eta eragile guztiei.

Bergarako Udal Euskaltegiak matrikulazio epea ireki du

Udal Euskaltegiak eskaintza anitza eskainiko du datorren ikasturtean, eta dagoeneko matrikulazio epea ireki du. Bertan, besteak beste, maila guztietako (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) euskara ikastaroak eskainiko dira. Horrez gain, alfabetatze ikastaroak, mintza taldeak, autoikaskuntza ikastaroa, AISA ikastaroak edota DBHko ikasleentzako hizkuntza errefortzuak eskainiko dira.

Datorren astean hasiko dira Elosu eta Bergara arteko errepidea konpontzeko lanak

Bergarako herrigunea eta Elosu auzoa lotzen dituen GI-3750 errepidea konpontzeko lanak datorren astean hasiko direla iragarri dute asteazken goiz honetan Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak; Bergarako alkate Gorka Artolak eta Elosuko auzoalkate Iñigo Zubeldiak. Guztira 6.285 metroko errepide tarteko firmea birgaituko da, eta lanek 845.000 euroko aurrekontua eta 5 hilabeteko exekuzio epea izango dute. 2020-2021ean konpondu zen Elosu eta Azkoitiko tarte berrituari batuko zaio hobekuntza hau.

Bedelkar elkartearen Merkealdi Azoka “Bueltan Da” irailaren 7, 8 eta 9an

“Bergara Bizi” ekimenaren barne eta Bedelkar elkarteak antolatuta, irailaren 7, 8 eta 9an, Merkealdi Azoka “Bueltan Da” lelopean, udaberri udako beherapenen azoka antolatu da.

Komertzioek produktuen stock metatua bezeroie eskainiko die prezio murriztuan, udalerriko erdialdeko kaleetan merkataritza fluxua sortuko dute, kalea dinamizatuz eta hurbileko eta tokiko erosketa bultzatuz.

Ideia, aurreko aldietan bezala egitea da, hau da, establezimenduek produktua saltoki aurrean ikusgai jarriko dute, karpak ere bertan kokatuz.

Sokamuturra udaletxeko balkoitik ikusteko aukera emango du Bergarako Udalak

Bergarako Udalak San Martin jaietako sokamuturra udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko du irailaren 16an eta 17an, 9:00etatik 10:15era bitartean. Horretarako, dagoeneko izen ematea ireki da www.bergara.eus webgunean, eta, pertsona kopurua handiagoa izanez gero, zozketa egingo da irailaren 13an 12:00etan.

Ageriko Simon Arrieta Pintura Lehiaketarako deialdia ireki da

BEART Bergarako artisten elkarteak, Bergarako Udalaren laguntzaz, AGERIKO 48. SIMON ARRIETA PINTURA LEHIAKETArako deia zabaltzen du, oinarri hauen arabera:

1. Lehiaketa eguna: Lehiaketa 2023ko irailaren 17an, igandean, izango da.

2. Partehartzaileak: Lehiaketan nahi duen edonork parte har dezake, inolako eragozpenik gabe. Bakoitzak artelan bakarra aurkez dezake.

20 gazte inguruk 'Auzolandegiak' burutuko dituzte Mizpirualde adinekoen egoitzan

Estatu espainiarretik eta Euskal Herritik iritsitako 20 bat gaztek ‘Auzolandegiak’ burutuko dituzte Bergarako Mizpirualde adinekoen egoitzan.

Abuztuaren 1etik 14ra bitartean, topaketa hauek belaunaldi ezberdinen arteko dinamikak indartzeko balioko dute. Astearte honetan proiektuaren partaideek aurkezpena egin dute egoitzan bertan, eta, bide batez, elkar ezagutzeko aukera izan dute.

Orriak