Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendoza Larrañagak, eta Bergarako alkateak, Gorka Artola Alberdik, Ongizatearen Plaza ireki dute ostegun honetan Bergarako Seminarixoan. Goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, zahartzaro osasuntsua, ariketa fisikoa, buru osasuna, inklusioa, elikadura jasangarria eta teknoadikzioa izango dituzte aztergai eta mintzagai datozen bi egunotan.

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”. “Horretan ari gara Gipuzkoan”, berretsi du. Izan ere, gogoratu duenez, herritarren eta lurraldearen “egoera ekonomikoa ona” bada re, pertsonei eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, “buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak, pobreziaren kronifikazioa” eta abar.

Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gonbitea luzatu die bergarar guztiei, bertaratu eta Seminarixoan zabaldutako Ongizatearen Plazan parte hartzeko. “Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia”, azaldu du Mendozak.

Bergarako alkateak, bere aldetik, adierazi duenez, “Bergarako Seminarixoan ireki dugun Ongizatearen Plaza ekimen garrantzitsua da gure herriarentzat eta Gipuzkoarentzat. Ongizate integrala ez da soilik osasun fisikoa; gure eguneroko bizitzan eragina duten faktore guztiak hartzen ditu barne: buru osasuna, harreman sozialak, elikadura jasangarria, zahartzaro aktiboa eta teknologiarekiko harreman osasuntsua.

Horiek guztiak gure komunitatearen etorkizunerako funtsezkoak dira, eta Bergaran oso kontziente gara horretaz. Udalean zehar lerrotzat hartzen ditugu ongizateak dituen forma ezberdinak, eta, norabide horretan, hainbat ekimen jarri ditugu martxan.

Bergaratik, argi dugu ongizatea ez dela norbanakoaren kontua bakarrik, baizik eta komunitate osoarena. Horregatik, espazio hau elkarrekin hausnartzeko, ikasteko eta proposamenak partekatzeko aukera bat da. Gure herriak beti izan du elkargune eta elkarlanaren kultura, eta Ongizatearen Plaza horren adibide da.

Irekitzeko, Adinberrirekin saioa

Zarautzen ezarri zuen lehen geltokia Ongizatearen Plazak joan den udan, eta gaur eta bihar Bergarara ailegatu da. Bergarako programazioak aktualitateko diren gaiak jorratuko ditu, hala nola ariketa fisikoa eta zahartzaroa, buru osasuna, inklusioa, elikadura jasangarria, teknoadikzioak eta sexu heziketa. Eta Why Not eta Altxa Burua bezalako elkarte eta kolektiboek parte hartuko dute, baita Jakoba Errekondo agroekologian adituak, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak eta Gurutz Linazasoro neurologoak.

Ongizatearen Plazaren irekieraren bat, gaur goizean Adinberriren telebista saioaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartea izan da; Nahia Zeziaga nutrizionistak eta Raquel Rodriguez mindfulness-ean adituak ere parte hartu dute bertan. Ondoren, Jakoba Errekondok plaza partekatu du Mikel Igartua (Askotegi baserria) eta Maialen Madina (Gesaltza baserria) baserritarrekin batera. Arratsaldean, berriz, Altxa Burua elkarteko kideek aztertu dute mugikorren eta teknologia digitalen erabilerak gazteen ongizatean duen eragina. Amaitzeko, Gurutz Linazasoro neurologoak ‘La ciencia del bienestar’ hitzaldia eskaini du.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ongizatearen-plaza/bergara