Hileta zibilak egiteko gune berrirako obrak hasi ditu Bergarako Udalak

Laboratorium Museoaren atzealdean erortzear zegoen eraikin bat dago, iraganean zalditegia izandakoa. Orain, berriz, Bergarako Udalak berau birgaitu eta hileta zibilak eskaini ahal izateko obrak hasi ditu. Aurrekontua 202.120,82 eurokoa izango da eta lanek bost hilabetez irautea aurreikusi dute udal arduradunek.

Egurrezko egitura osoa berrituko da estalki berria sortzeko, eta, aldi berean, barrualdean komun bat eta biltegi bat sortuko dira. Estalkiaren azpian geratzen den espazioa erabat irekita geratuko da, alboko eraikinaren ondoko eremuan izan ezik.

Umeekin elkarlanean diseinatutako Zabalotegiko haur parke berria ireki du Bergarako Udalak

Urte hasieran martxan jarritako Zabalotegiko haur parkeko obrak bukatu ditu Bergarako Udalak, eta, emaitza ikusteko, gune berrira bisita egin dute Udaleko zein Oinherri herri hezitzaileko ordezkariek joan den ostiralean. Izan ere, jolaserako eremu berri hau Bergarako haurrekin elkarlanean diseinatu zen proiektuaren hastapenetan.

Lanek bi atal izan dituzte: alde batetik, Zabalotegiko kioskoa birgaitu eta asfaltatze lanak egin dira 110.788,45 euroko aurrekontuarekin, eta, bestetik, kioskoaren inguruan jolas eremua antolatu da 47.899 euroko aurrekontuarekin.

Agorrosingo kiroldegiaren mantenu lanak egingo dira aste honetan

Udako sasoia bukatuta, eta ikasturte berriari baldintza onetan hasi asmoz, Agorrosingo kiroldegiko urteroko garbiketa egingo da aste honetan, astelehenetik igandera bitartean. Horretarako, aipatutako egunetan kirol gunea eta taberna itxiko dira.

Kanpoko igerilekua zabalik mantenduko da, 15:00etatik 19:00etara, aldagelarik gabe eta irailaren 15a bitartean.

Harrera zerbitzua, berriz, irekita egongo da astelehenetik ostiralera, 12:30tik 19:00ak arte.

700 bergarar baino gehiago San Martinetako Danborradan

Irailaren itzulerarekin batera, aurten ere San Martinak ospatuko dira Bergaran. Larunbat honetan feria izango da protagonista, eta datorren asteburuan kultur ekitaldiz beteko da herria. Programazioa aurkeztu asmoz, Udaleko zein Bergarako eragile ezberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean, eta bertan, besteak beste, nagusien Danborradan 700 bergararrek baino gehiagok parte hartuko dutela iragarri dute. Zentzu horretan, Gorka Artola Bergarako alkateak eskerrak eman dizkie San Martinetan modu batean ala bestean laguntzen diharduten bergarar eta eragile guztiei.

Bergarako Udal Euskaltegiak matrikulazio epea ireki du

Udal Euskaltegiak eskaintza anitza eskainiko du datorren ikasturtean, eta dagoeneko matrikulazio epea ireki du. Bertan, besteak beste, maila guztietako (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2) euskara ikastaroak eskainiko dira. Horrez gain, alfabetatze ikastaroak, mintza taldeak, autoikaskuntza ikastaroa, AISA ikastaroak edota DBHko ikasleentzako hizkuntza errefortzuak eskainiko dira.

Datorren astean hasiko dira Elosu eta Bergara arteko errepidea konpontzeko lanak

Bergarako herrigunea eta Elosu auzoa lotzen dituen GI-3750 errepidea konpontzeko lanak datorren astean hasiko direla iragarri dute asteazken goiz honetan Gipuzkoako Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak; Bergarako alkate Gorka Artolak eta Elosuko auzoalkate Iñigo Zubeldiak. Guztira 6.285 metroko errepide tarteko firmea birgaituko da, eta lanek 845.000 euroko aurrekontua eta 5 hilabeteko exekuzio epea izango dute. 2020-2021ean konpondu zen Elosu eta Azkoitiko tarte berrituari batuko zaio hobekuntza hau.

Bedelkar elkartearen Merkealdi Azoka “Bueltan Da” irailaren 7, 8 eta 9an

“Bergara Bizi” ekimenaren barne eta Bedelkar elkarteak antolatuta, irailaren 7, 8 eta 9an, Merkealdi Azoka “Bueltan Da” lelopean, udaberri udako beherapenen azoka antolatu da.

Komertzioek produktuen stock metatua bezeroie eskainiko die prezio murriztuan, udalerriko erdialdeko kaleetan merkataritza fluxua sortuko dute, kalea dinamizatuz eta hurbileko eta tokiko erosketa bultzatuz.

Ideia, aurreko aldietan bezala egitea da, hau da, establezimenduek produktua saltoki aurrean ikusgai jarriko dute, karpak ere bertan kokatuz.

Sokamuturra udaletxeko balkoitik ikusteko aukera emango du Bergarako Udalak

Bergarako Udalak San Martin jaietako sokamuturra udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko du irailaren 16an eta 17an, 9:00etatik 10:15era bitartean. Horretarako, dagoeneko izen ematea ireki da www.bergara.eus webgunean, eta, pertsona kopurua handiagoa izanez gero, zozketa egingo da irailaren 13an 12:00etan.

Orriak